Hego Euskal Herriko hiriburuetako jai batzordeak festa herrikoien alde batu dira
Bideo baten bidez, jaiak bertan behera uzteko erabakietan erakundeek "baztertu" egin dituztela salatu dute, baina argi utzi dute "modu berritzailean" jai herrikoien alde antolatzen jarraitzeko apustua egingo dutela.
Donostiako Piratek, Herri Sanferminek, Iruñako Peñen Federazioak, Bilboko Konpartsek, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak eta Gasteizko Txosnek ohar bateratu bat kaleratu dute indarrak batu eta Hego Euskal Herriko erakundeen jarrera salatzeko. Hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Hego Euskal Herriko hiriburuetako udalek udako jaiak bertan behera uzteko erabakiak “modu ez konpartituan eta aldebakarrez” hartu dituztela adierazi dute.
Hartu den erabakia zalantzan jarri gabe, jai batzordeek nabarmendu dute haiek erakundeek erabili dituzten “formak” kritikatzen dituztela, erabakitzeko prozesutik “baztertuak” izan direla eta albisteak “minutu batzuk” lehenago edo prentsaren bidez ezagutu dituztela azpimarratuz. Hain zuzen, bestelako jarrera bat merezi zutela eman dute aditzera, batzordeak udalekin “etengabeko harremanetan” egon direlako eta hitz egiteko prestutasuna hasieratik erakutsi dutelako: “Beste behin ere jai herrikoiak bigarren planoan utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz”.
Jai eredu “berritzaileak” asmatzeko garaia
Dena dela, koronabirusak eragin duen egoera honetan ere, Euskal Herriko jai batzorde guztiak festa herrikoien alde antolatzera deitu dituzte bideoan, betiere osasun eta segurtasun neurri guztiak beteaz: “Garai gogor hauetan herritarrok inoiz baino gehiago behar dugu jaiek ematen diguten alaitasuna, kolorea, kolektibotasuna. Eta hori modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta”.
Horregatik, udan zehar jaiak “modu berritzailean” eskaintzeko apustua egingo dutela iragarri dute: “Orain arte oztopo guztiei aurre egin badiegu, oraingoan ez gara gutxiago izango”.