Kontxako hondartza itxi egingo dute itsasgorarekin
Udalak ez du zehaztu noiz hasiko den aurtengo hondartza denboraldia, baina hainbat neurri iragarri ditu, hala nola, hondartzetako edukiera denbora errealean neurtzea eta toldoak, igerilekuak eta gabarroiak kentzea. Bestalde, kanpoaldeko udal igerilekuak hondartza denboraldiarekin batera irekiko dituzte.

Donostia, EAEko gainontzeko herrien moduan, hilaren 25ean konfinamendua arintzeko 2. fasean sartuko dela aurreikusten du udalak, eta horri begira ari dira lan egiten. Astearte goizean egindako agerraldian, hondartza denboraldia hasteko datarik ez dutela zehaztu azaldu dute Eneko Goia alkateak eta Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotziak, Gipuzkoako kostaldeko gainontzeko herriekin batera hartuko baitute erabaki hori, baita hondartzetako zerbitzu publikoak eskaintzeko modua ere. Ordea, hainbat neurri hartzen ari direla nabarmendu dute. Hala ere, herritarrek arduraz jokatzeko eskatu dute, Udaltzaingoak ezin baititu herritar guztiak kontrolatu.
Alde batetik, pertsonen arteko segurtasun distantziak mantentzea da helburu nagusia, beraz, hondartzetako edukiera denbora errealean neurtuko duen aplikazio teknologiko bat garatzeko lan egiten ari direla azpimarratu du Garmendiak, “donostiarrek eta bisitariek, gure hondartzekin segurtasunez gozatu ahal izateko”. Aplikazio horren bitartez, hiru hondartzetako edukiera neurtuko dute, eta seinale teknologikoen bitartez iragarriko dute pertsona gehiago sartzeko lekua dagoen edo ezin den inor gehiago sartu. Era berean, Ondarretan eta Zurriolan marea igotzean espazio aldetik arazo askorik ez badago ere, Kontxan bai, beraz, marea igo baino ordubete edo bi ordu lehenago itxi egingo dute. Egoera horretan, ezingo da hondarrean egon, baina baimenduta egongo dira bainua eta kirol jarduerak. Ildo beretik, Goiak gogoratu du mareak ez direla beti berdin igotzen eta jaisten, beraz, nabarmendu du ez dela erraza izango edukierak kontrolatzea. Horregatik, auto erregulazioaren garrantzia azpimarratu du Espazio Publikoetako zinegotziak: “Arduraz jokatu behar dugu eta bakoitzak bere burua erregulatu behar du; hau da, ezin dugu egun guztia hondartzan egon, gainontzekoek ere eskubidea dutelako”.
Bestetik, hondartzetako espazio erabilgarria ahalik eta gehien areagotzeko bidean, toldoak, gabarroiak eta hondartzetan jartzen dituzten igerilekuak kentzeko erabakia hartu dute. Jendearen zirkulazioa eta orientazio segurua ahalbidetzeko korridore batzuk ere ahalbidetuko dituzte hondartzetatik errazago eta seguruago sartu eta ateratzeko. Kirol zonaldeak mugatzeko ere lan egiten ari direla azaldu du Garmendiak, eta piraguen moduko kirol zerbitzuak, eta tabernak izango direla baieztatu du.
Horretaz gain, orain arte hondartzak paseatzeko edo zakurrekin ibiltzeko zeuden irekita, baina ez aisialdiko erabilera emateko. Udalaren aurreikuspenen arabera, ordea, datorren astetik aurrera hondartzak nahieran erabili ahal izango dira, beste urte batzuetan denboraldiz kanpo egiten den moduan –etzanda edo eserita egoteko, bainuak hartzeko, eta abar–. Era berean, Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriek kontrakoa agindu ezean, komunak izango direla aurreikusi dute, ez, ordea, kabinak.
Santa Klara irlan hartuko diren neurriengatik galdetuta, “Donostiako itsas zonaldea” den heinean, hondartzetan hartuko diren neurri berak hartuko dituztela azaldu du Garmendiak. Era berean, gogoratu du goiko aldean egiten ari diren lanak direla eta, uda honetan ezingo dela zonalde horretara joan, beraz, horrek ere irlara joan daitekeen jende kopurua baldintzatuko duela esan du zinegotziak.