Krisi ekonomikoa izango dute hizpide Gure Eskuren zazpigarren solasaldi digitalean
Gure Esku herritarren plataformak solasaldi digitalen ziklo bat hasi zuen joan den apirilaren 23an, Gelditu. Hausnartu. Erabaki lelopean, eta gaur egingo dute zazpigarren saioa. Zikloan burujabetzarekin lotura duten hainbat gizarte gai jorratzeko helburua dute, eta gaurko solasaldian Ainhoa Etxaide, LAB sindikatuko feminismo arduraduna, eta Joseba Barandiaran, Ekonomilaria eta Euskal Ekonomilarien Elkarteko kidea, izango dira hizlariak.
Krisi ekonomikoa: lehengo lepotik burua da gaurko solasaldiaren izenburua, eta 19:00etan ikusi ahalko da Gure Eskuren Youtubeko kanalean. Datozen asteetan beste hiru solasaldi egingo ditu herri plataformak:
Tecnologia: libertad y control
Maiatzaren 21ean, 19:00etan. Gaztelaniaz
- Eva Rodriguez de Luis, ingeniaria, teknologia berrietan aditua eta Xataka blogaren editorea.
- Gorka Julio, software garatzailea, irakaslea eta Talaios kooperatibako kidea.
Euskara: etxealditik etorkizunera begira
Maiatzaren 26an, 19:00etan. Euskaraz
- Kike Amonarriz, soziolinguista eta Euskaltzaleon Topaguneko lehendakaria.
- Mertxe Mugika, AEK-ko kidea eta koordinatzaile ohia.
Klima eta natura: zirt edo zart egiteko unea
Maiatzaren 28an, 19:00etan. Euskaraz
- Ane Zabaleta, geologoa, zientzian doktore eta geodinamikan espezializatua; eta EHUko ikertzailea.
- Unai Pascual, Ikerbasque Ikerlaria (BC3), irakaslea, eta bioaniztasunaren galera ikertzeko IPBES adituen taldeko kidea (NBE).
Erabakitzeko eskubidearen aldeko taldeak Hamaika Gara egitasmoa aurkeztu zuen joan den martxoan. Plataformak, Euskal Herriko beste eragile ugarirekin batera, erreferendum bat egitearen aldeko sinadura bilketa jarri zuen abian, eta COVID-19aren ondorioz aurreikusita zituzten jarduera asko eten behar izan badituzte ere, sinadura bilketa digitalak martxan jarraitzen du. Herritarrek, sinatzeko aukera dute Hamaikagara.eus atarian.