Aritz Aduriz jokalari donostiarrak futbola utzi du
Aritz Adurizek (Donostia, 1981) futbola uzteko erabakia hartu du, gorputzak “nahikoa dela” esan diolako. Sare sozialetan argitaratu duen mezu batean azaldu du medikuek gomendatu diotela aldakatik ebakuntza bat egiteko: “Atzo bertan, aldakaren ordez protesi bat ezartzeko operazio gelatik lehenbailehen pasatu beharko dudala esan zidaten medikuek, bizitza arruntean ahalik eta normaltasun gehienarekin aritzeko behintzat”.
Athleticeko aurrelariak denboraldiaren hasieran iragarri zuen aurtengoa bere azken urtea izango zela jokalari profesional gisa, baina lesioek eta koronabirusaren krisiak erretiroa aurreratu dute. Bere azken denboraldian Kopako finala jokatu behar zuen Adurizek Realaren aurka, baina ezin izango du halakorik egin.
Donostiarra izan arren, ez du inoiz Realen jokatu, 19 urterekin fitxatu baitzuen klub zuri-gorriak. Lezaman bi urte eman ondoren, Jupp Heynckes entrenatzailearen eskutik egin zuen debuta lehen taldearekin, Amurrioren aurka, 2002-2003 denboraldiko Kopako norgehiagoka batean. Denboraldi hartan, ordea, ez zuen lortu taldean lekurik egitea, eta Burgosen eta Valladoliden jokatu zuen, utzita. 2006an talde bizkaitarrera itzuli zen, baina Mallorcak fitxatu zuen handik bi urtera. 2008an Valentziara joan zen, eta Txapeldunen Liga eta Europako Liga jokatu zituen talde valentziarrarekin.
2012an, 30 urte zituela, Athleticera itzuli zen, eta dagoeneko beteranoa bazen ere, zenbaki onak izan zituen donostiarrak 2017-2018 denboraldira arte, denboraldi guztietan gutxienez 18 gol eginez –gol gehien egin zituen denboraldian, 36 egin zituen–. Espainiako Superkopa irabazi zuen aurrelariak zuri-gorriekin, baita bi aldiz Europako Ligako golegi nagusia izatea ere –historiako helduena ere bada–. Azken bi urteotan, ordea, futbol maila baxuagoa izan du Adurizek, eta 23 partida jokatu zituen iaz, sei gol sartuta. Aurtengo denboraldian lesioak jota ibili da, eta 202 minutu baino ez ditu jokatu, hamalau norgehiagokatan. Gol bakarra egin du denboraldi honetan: lehenengo jardunaldiko 89. minutuan, Bartzelonaren aurka eta atzerako artazi bat eginda.
— Aritz Aduriz (@AritzAduriz11) May 20, 2020