Espartxoko zubiak karga proba gainditu du
Txomiñeneko Espartxoko zubi berrian karga proba egin zuten asteartean, eta emaitza ona izan du probak, zubiak arazorik gabe aguantatu baitu. Zamalanetarako erabiltzen diren hamar kamioi jarri zituzten, erresistentzia frogatzeko. Zubiak 60 metroko luzera du, eta ez du oinarririk uretan. Bestalde, ibilgailuentzako errepideaz gain, espaloia eta bidegorria ditu. Txomiñeneko Lanberri auzo elkartea pozik agertu da emaitzarekin: “Aurreikusitakoa baino askoz beranduago heldu da, baina Espartxoko zubiak karga proba gainditu du. Garrantzitsuena da ez duela oinarririk uretan, beraz ez du oztopo hidraulikorik eragingo. Espero dezagun, gutxienez, aurrekoak iraun zituen 108 urteak irautea”.
Espartxoko zubia aurtengo urtarrilean ireki zuten ibilgailuentzat, oinezkoentzat eta bizikletentzat, baina espaloia eta bidegorria bukatzea falta zen. Orain, azken erremateen faltan, zubia bukatuta dago bere osotasunean, baina inguruko zonaldeko –etxebizitza berrien gunea– urbanizazioa bukatu gabe dago oraindik. Horregatik, bidegorria zubiarekin bukatzen da, urbanizazio lanetan lotu behar baitituzte bi bidegorriak.
Bestalde, urbanizazioaren obra kontratua aldatu egin zuen Donostiako Udalak urtarrilean, kontratuaren prezioa 257.460 euroraino igoz. Lanak bukatzeko epea martxoaren 28an amaitzen zen berez, baina koronabirusaren krisia dela medio, atzeratu egin dira.