Harrera Sareak mozio bat aurkeztu du udaletxean larrialdiko errekurtsoak mantendu ditzan eskatzeko
Testuinguru berean, elkartasunerako giza katea antolatu dute maiatzaren 27an, 19:00etan. Guztira 200 pertsona artatu ditu sareak pandemia egoeran, batik bat elikadura izan dezaten bermatzeko.
Pandemiak sortutako egoera dela eta, Donostiako Udalak larrialdiko eta behin behineko hainbat errekurtso jarri zituen martxan kalean bizi ziren pertsonak artatzeko, besteak beste, Atano IIIa eta Uba eta Ondarretako aterpetxeak. Hiritarron Harrera Sareak udaletxean mozio bat aurkeztu duela jakinarazi du gaur goizean egindako prentsaurreko batean, hain zuzen ere, udalak errekurtso horiek mantendu ditzan eskatzeko behin betiko konponbideak bilatu bitartean.
Aipatutakoaz gain, mozioak beste lau puntu aldarrikatzen ditu ditu: jantoki sozial publikoak irekitzea, behin betiko masifikatu gabeko eta intimitaterako guneak dituzten ekipamendu duinak sortzea, oraindik ere abandonatutako biltegi eta etxeetan bizi diren pertsonak ere planifikazioan sartzea, eta profesionalen eta gizarte zerbitzuen taldeak indartzea.
Harrera Sareak egindako balorazioaren arabera, 350 bat pertsona baino gehiago daude Gipuzkoa osoan lehenagotik zeuden harrera-baliabideetan, larrialdiko aterpetxeetan eta oraindik kanpoan jarraitzen dutenak gehituta. Bestalde, sareak, gizarte zerbitzuekin koordinatuta, 200 pertsona inguru artatu ditu alarma egoeran, alegia, 129 pertsona eta 18 familia, erakundeek egokitutako baliabideetatik kanpo geratu direnak. Pandemia egoera hasi aurretik, aldiz, 60-70 inguru ziren. Bestalde, biltegi abandonatutan bizi zen jendearen artean koronabirus kasurik antzeman ez dela jakinarazi dute.
Harrera Saretik elikagaiak izatea bermatu diete, baina baita mantak, arropa edo oinetakoak, sukaldeko edo bestelako ekipamendua ere. Mediku-larrialdetara lagundu eta botikak eskuratzeko lana ere egin dute, eta zenbait kasutan bitartekari lanak ere. Konfinamenduan zehar berrogeita hamar bat pertsona aritu dira boluntario bezala elikagaiak eta bestelako materialak jaso, antolatu eta banatzen.
Giza katea asteazkenean
Mozio kateaz gain, maiatzaren 27an, asteazkenean, 19:00etan elkartasuneko giza katea antolatu du Hiritarren Harrera Sareak. Giza kate honen bitartez Udaletxea, Aldundia eta Eusko Jaurlaritza batu nahi dituzte nolabait, inor kalean ez uzteko eskaera hiru erakunde horiei zuzenduta baitago bereziki. Beraz, Gipuzkoa plaza, Bulebarra, Alderdi Eder, Hernani kalea eta, berriz ere, Gipuzkoa plaza lotuko ditu kateak, hiru erakundeen egoitzak, hain zuzen ere. Harrera Saretik jakinarazi dute giza katea egiteko Ertzaintzari baimena eskatu diotela, nahiz eta oraindik ez duten konfirmaziorik jaso, eta segurtasun neurri eta distantziak mantentzea bermatuko dutela.
Bestalde, Ez itzazu kalera bota manifestua ere bultzatu dute. Dagoeneko 1.000 pertsona inguru eta 50 erakunde atxikitu dira. Horietako batzuk euren adierazpenak jaso zituzten bideo baten bitartez.