Maitane Etxeberriak Bera Beran jarraituko du 2022ra arte
Maitane Etxeberriak datozen bi denboraldietarako kontratua berritu du Bera Berarekin. Jokalariak adierazi du erabaki “erraza” izan dela, taldean “gustura” baitago. 2013an debutatu zuen Etxeberriak Bera Berako elastikoarekin, eta 203 partida jokatu eta 500 gol egin ditu. Era berean, Espainiako Selekzioarekin azkeneko bi mundialetan hartu du parte, zeinak zilarrezko domina lortu zuen Japonen 2019an.
Eskuineko hegalekoaz gain, Alba Menendez kapitainak, Esther Arrojeriak, Manuela Pizzok, Emma Boadak eta Renata Arrudak ere taldearekin berritu dute. Imanol Alvarez entrenatzaileak ere taldean jarraituko du datozen bi denboralditan. Era berean, Laura Hernandez Elxeko jokalaria eta Alice Fernandes Malagako taldeko atezaina fitxatu ditu Bera Berak urtebeterako. Silvia Arderiusek eta Merche Castellanosek, aldiz, taldearekin ez berritzea erabaki dute.
Zortzi taldetako bi talde
COVID-19a dela eta liga bertan behera uztea erabaki ostean, datorren denboraldian bi talde gehiago arituko dira Ohorezko Mailan, inor ez baita mailaz jaitsiko eta bi talde igoko direlako. Ondorioz, Espainiako Eskubaloi Federazioak eta talde guztiek izandako bilera batean proposatu zuten hamasei taldeak bitan banatzea, alegia, zortzi eta zortzi, eta bi zati edukiko lituzke ligak. Ligako lehenengo zatia bi talde horietan jokatuko litzateke. Ondoren bigarren fase bat egingo litzateke, berriz ere, zortzi eta zortzi, baina bigarren zatirako lehenengoan lortutako emaitzek balioko lukete. Emaitza onenak lortu dituzten zortzi taldeak liga irabazteko jokatuko lukete. Emaitza txarrenak lortu dituztenak, aldiz, ez jaisteko borrokan arituko lirateke.
Bi talde kenduta, gainontzekoek egokitzat jo dute formatua. Dena den, oraindik ez da konfirmatu hala jokatuko denik.