Sandra Ramajok agur esan dio futbolari
“Inoiz ez da erraza agur esatea, are gehiago, uste dut ez datorrela bat nirekin”. Hala hasi du Sandra Ramajok bere Instagrameko kontuko azken argitalpena. Honen bitartez, erretiroa hartzea erabaki duela iragarri du Irunen jaiotako futbolariak. “306 partida ondoren nire bizitzako urterik onenak atzera uzten ditut, beteta etorriko diren beste hainbeste aurkitzeko asmoz”, idatzi du. “Beharbada, gehien ezagutzen nautenek ez dute ulertuko zergatik ez dudan borrokatzen jarraitu nahi. Baina ulertuko dute hainbeste urteren ondoren nekatuta nagoela”, azpimarratu du.
Ramajo hamaika urtez aritu zen Realean eta talde txuri-urdinarekin Erreginaren Kopa altxatu zuen. Azkeneko sasoian, aldiz, Albaceten jokatu du. Bi taldeentzat esker oneko hitzak izan ditu futbolariak eta bidean gurutzatutako pertsona guztiei eta familiari ere eskerrak eman dizkie. “Ez naiz bizitakoaz damutzen. Are gehiago, futbolak pertsona moduan eman didan guztia eskertzen dut”.
Bestalde, azkeneko urtean bizitako esperientziaz ere hausnartu du, “ikasketa” urtea izan dena berarentzat, “aurrera ateratzen”, “indartsu izaten” eta bere burua “ezagutzen” lagundu baitio. Futbolariak esaldi honekin amaitu du: “Garrantzitsuena ez da irabaztea edo galtzea, gozatzea baizik”.