Udal kiroldegietako barruko igerilekuak ez dira ekaineko bigarren hamabostaldira arte irekiko
Donostia Kirolak iragarri zuen datorren astelehenean udal kiroldegietako barruko igerilekuak irekitzea aurreikusten zuela, betiere Espainiako gobernuak ezarritako bigarren fasera pasatzen bada hiria. Gaur, ordea, udal erakundeak jakinarazi du konpontze lanetarako eta legionelaren tratamendurako udan egin ohi den geldialdi teknikoa aurreratuko dutela, eta ondorioz ekainaren bigarren hamabostaldira arte ez dituztela irekiko.
Martin Ibabe Kiroletako Zinegotziak adierazi duenez, geldialdi teknikoa aurreratzea erabaki dute udan berriro itxi behar ez izateko. “Lanean ari gara donostiarrek hainbeste erabiltzen duten zerbitzu hau berme guztiekin eman ahal izateko”, azpimarratu du.
Ondo bidean, Donostiako Kirolak aurreikusten du datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, bigarren fasean sartu eta kudeaketa publikoko kirol instalazioak eta hainbat instalazio pribatu irekitzea, hala nola Anoetako Estadio Txikia eta Etxadiko padel pistak. Aurretiko eskaera derrigorrezkoa izango da hauek erabiltzeko. Udal gimnasioek ekainaren 8an irekiko dute, edukieraren herenarekin eta, gaur esan bezala, barruko udal igerilekuak, ekaineko bigarren hamabostaldian irekiko dituzte. Kanpoko igerilekuak hondartzetako denboraldia hasten denean irekiko dituzte.