Zaharren egoitzetako langileak mobilizazioetara itzuli dira
COVID-19aren pandemiaren ondorioz, 243 eguneko greba atzeratzea erabaki zuten Gipuzkoako zahar egoitzetako langileek, egoiliarren osasuna bermatu ahal izateko. Erresidentzietako egoeraren jakitun, “arduraz” jokatzeko unea zela argudiatu zuten, eta horregatik erabaki zuten lanera itzultzea.
Gaur, berriro ekin diete mobilizazioei, eta elkarretaratzea egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Pandemiaren aurreko protestetan egindako aldarrikapenak berreskuratu dituzte, eta baieztatu dute pandemiak are gehiago indartu eta legitimatu dituela: “COVID-19ren ondorioz bizi izandako osasun krisiak, tamalez, bi gauza argi utzi ditu: emakumeek egoitzetan egiten duten lana funtsezko zerbitzu publiko bat dela, eta gure adinekoen zaintzaren aurrean onura ekonomikoa lehenesten duen eredu batek, muga-mugara eramanda, heriotzaz beterik utzi duela sektorea”.
Era berean, iragarri dute haien aldarrikapenak kontuan hartu ezean, grebara itzuliko direla, eta honakoa azpimarratu dute: “Beti ere, greba atzeratzea erabaki genuenean bezala, egoiliarren osasuna bermatuz”. Azken egunetan herritarrek emandako txaloak “lan baldintza duin” bihurtu behar direla adierazi dute, eta “pertsonei lehentasuna ematen dien kalitatezko asistentzia eredu” baten alde egiteko beharra azpimarratu dute. Horretarako lehen urratsa aldundiak eta sektoreko enpresek hitzarmena negoziatzeko ardura hartzea dela uste dute, “bi urtetan egin ez duten bezala”, baita zaintzaren eta pertsonen aldeko apustua egitea ere.
“Ezin dugu ahaztu hilabete hauek langile askorentzat bizitako okerrenak izan direla. Egoiliar asko hiltzen eta gaixotzen ikusi behar izan dituzte, eta gero denbora asko beharko dute kalte pertsonal eta emozionalei aurre egiteko. Bada garaia zaintzaren sektoreetan egiten den lanari balioa emateko. Gaur egun baldintza duinak ez dituzten profesionalen esku gelditzen dira bizitza asko”, aldarrikatu dute.
Halaber, ELA sindikatuak gatazka konpontzeko duen borondatea azpimarratu du, eta salatu du aldundiak eskatzen duen kooperazioa “faltsua” dela. Gainera, kritikatu du foru-erakundeak “sistematikoki” uko egin diela sindikatuak bultzatu dien bilerei. Hain zuzen, gutun bat bidali zioten maiatzaren 5ean Markel Olanori, bilera bat eskatzeko, eta azaldu dute oraindik ez dutela erantzunik jaso. “Amaitzeko, berriro diogu ekin genion bideari helduko diogula; hau da, langileen lan baldintzak eta egoitzetako gure adinekoen bizi baldintzak duintzeko bidea”, adierazi dute langileek.