Groseko Asanblada Feministak hiru urte bete ditu
Duela hiru urte hasi zuen Groseko Asanblada Feministak bere ibilbidea. Hain zuzen, 2017ko apirilaren 22an elkartu ziren Grosekoak lehen aldiz, auzoko eragile feminista sortzeko helburuarekin. Ohar batean azaldu zutenez, feminismoaren inguruko “zerbait” sortu nahi zuten, kezka eragiten zieten gaiak elkarrekin lantzeko. “Ordutik, hamaika bilera, ekimen, ekintza, barre eta negar egin dugu”, esan dute oharrean.
“Pixkanaka-pixkanaka, egonkortu gara, jendearen joan etorriak aberastu gaitu, eta beste talde eta mugimenduekin elkarlanean aritu gara”, gehitu dute. Asanbladakoek adierazi dute “harro” daudela borrokatzen den auzo baten eta hiri baten parte izateaz, baita Euskal Herri osoko hainbat tokitako “su txikiekin batera gero eta biziago dagoen sute horren parte izateaz” ere.
Urteurrenak “egoera zail honetan” harrapatu dituen arren, adierazi dute jarraitzea besterik ez zaiela geratzen, eta erronka horri “gogotsu” heldu diotela baieztatu dute.
Hiru urte auzoan eragiten
Groseko Asanblada Feminista auzoan ildo feminista jorratzeko helburuarekin sortu zen 2017an, eta ordutik, barrura begirako eta kanpora begirako lanketak egin dituzte. Besteak beste, Zipotz jaietarako eraso matxisten aurkako protokoloa sortu dute, eta horren lanketa egin dute auzoko eragile eta tabernekin, martxoaren 8an egin diren greba feministak antolatzeko asanblada irekiak egin dituzte auzoan, eta Donostiako Asanbalda Feministan parte hartu dute, hiriko gainerako talde feministekin koordinatzeko.