“Mexikoko familien erdiak egunean irabazten duenarekin bizi dira eta lanera joateko beharra dute”
Bederatzi urte daramatza Mikel Muñozek Mexikon lanean eta bizitzen. Koronabirusak sortutako krisialdia ere han bizitzea tokatu zaio, eta bere egoera pertsonala ona bada ere, Mexikon oraindik kurba goraka doa.
Mexikoko gobernuak iragarri zuen maiatzaren 18tik aurrera herrialdeko hainbat hirik aukera izango zutela funtsezkoa ez den jarduera ekonomikoari berriro ekiteko eta eskolak berriro asteko. Azkeneko 28 egunetan COVID-19 kasu berririk ikusi ez duten zonaldeak dira sartu dira fase berri horretan. Txanponaren beste aldean, egoera hortatik urrun, dago Mexiko Hiria, datu ofizialen arabera ia 16.000 pertsona baitaude kutsatuta. Mikel Muñoz (Gros, 1985) han bizi da.
Nolatan zaude Mexikon?
Bederatzi urte daramatzat hemen, bost Mexiko Hirian eta lau Guadalajaran. Ikasketak bukatu nituenean argi neukan atzerrira joan nahi nuela denboraldi baterako. Batetik, ohitura eta kultura desberdinak ezagutzeko, eta bestetik, esperientzia berriak bizitzeko. 2010ean Eusko Jaurlaritzak eskaintzen zituen kanpo merkataritzako beka bat lortu ondoren 2011an Mexiko Hirira heldu nintzen eta geroztik hemen egon naiz. Egun Mexiko Hirian egiten dut lan.
Zein egoera bizi duzue une honetan herrialdean?
Bi hilabete daramatzagu etxean sartuta. Gobernuak konfinamendua nola arinduko den jasotzen duen argitaratu du, semaforo batean oinarritutako hainbat faserekin, eta printzipioz hainbat hiritan neurriak baretu dituztela dirudi. Hala ere, koronabirus kasu berririk izan ez duten hiriak dira. Ez da Mexiko Hiriko kasua.
Mexiko Hiriko 16 alkatetzetatik 9k alkohola saldu eta kontsumitzeko mugak ezarri dituzte, baita oro har herrialdeko beste hainbat hirik ere. Zu bizi zaren zonaldean eragina izan du neurriak?
Bai. Festak eta etxean gertatzen diren eraso eta indarkeria kasuak murrizteko ezarri da neurria. Eta erabaki honek bere ondorioak izan ditu. Alde batetik, jendea atxilotu dute baimenik gabe alkohola saltzea egotzita. Bestetik, ia 150 pertsona hil dira alkohol aizundua edateagatik.
Nola gauzatzen ari da neurri hau?
Asteburutan debekatuta dago alkohola saldu edo erostea hemen inguruan. Hala ere, astean zehar eros daiteke.
Alkoholaren salmenta murrizteaz haratago, zein neurri orokor hartu ditu Mexikoko gobernuak?
Biztanleriari etxean geratzea gomendatu dio eta funtsezkoak ez diren jarduera bertan behera uzteko kanpaina egin du. Garraio publikoa mugatu du, baita kotxeen erabilera ere. Bilera masiboak ere bertan behera uztea eskatu du. Dena den, Mexikoko familien erdia egunean irabazten duenarekin bizi da eta lanera joateko beharra dute euren bizitzarekin jarraitu ahal izateko, nahiz eta familia hauentzat diru laguntza txiki bat ematen ari den gobernua.
Zu nola bizitzen ari zara egoera?
Osasuntsu nago, bai ni baita ingurukoak ere, etxetik lan egiteko aukera daukat eta nahi dugunean kalera atera gaitezke. Aukera hori dagoela jakiteak ez du hain gogorra egiten itxialdia, nahiz eta ahalik eta gutxien irteten saiatzen naizen. Normaltasunera itzultzeko gogoa badaukat ere, ezin naiz kexatu.
Nola eragin dizute zuri hartutako neurriek?
Laneko jarduera hein batean aldatu da, azken batean telelana eta bideo bitartezko bilerak egiten baititugu, eta bizitza soziala ere telefonoz eta mezu bitartez egiten dugu, munduko beste hainbat tokitan gertatu bezala. Azken batean, une honetan pandemiaren puntu gorenean gaude. Ondorioz ospitaleek eta errausketa-labeek ere okupazio oso altua dute. Beraz, etxean geratu eta arriskutsua izan daitekeen edozer ekiditea komeni da momentu honetan.
Nola ari zara bizitzen hemengo egoera?
Gertutik jarraitzen dut hango informazioa, familia eta lagunak zein baldintzatan dauden jakiteko. Zorionez, denak ondo daude eta horrek lasaitasuna ematen dit. Zalantzarik gabe, itxialdia errazagoa da lasaitasun horri esker.