'Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak' ikastaroa antolatu dute Zinemaldiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak eta aldundiak
EHU-ko udako ikastaroetan parte hartuko dute Donostiako Zinemaldiak, Elias Kerejeta Zine Eskolak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak aurten, Zine-jaialdiei buruzko begirada kritikoak ikastaroarekin. Askotariko zinema jaialdiak landuko dituzte ikastaroan, hitzaldien bitartez nazioarteko jaialdien historia eta garaian-garaiko aldaketa sozial eta politikoekin duten lotura aztertuz, eta mahai-inguruetan jaialdien orainari eta etorkizunari buruz mintzatuko dira. Irailaren 1etik 3ra egingo dute ikastaroa, Miramar jauregian; parte hartu ahal izateko, www.uik.eus webgunean eman behar da izena.
Asko izango dira ikastaroan parte hartuko duten adituak: Elias Kerejeta Zine Eskolako ikerketa saileko ardurduna, Pablo La Parra Perez; Caroline Moine ikertzailea; EHU-ko Aida Vallejo; Paz Lazaro Berlinaleko hautapen batzordeko programatzailea; Marta Selva Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones jaialdiaren zuzendaria; Charlotte Serrand Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldiko hauteslea; Victor Iriarte Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programaren arduraduna; FICX Gijon jaialdiko Alejandro Diaz Castaño; ZINEBI jaialdiko Vanesa Fernandez Guerra eta Donostiako Zinemaldiko Jose Luis Rebordinos, hain justu. Programa osoa helbide honetan kontsultatu daiteke.