Altza alaitzeko horma-irudiak
Altzako bizilagunek soberan ezagutzen dituzte Los Boscos Kooperatibak eraikitako etxebizitzen zonako fatxadetako horma-irudiak. Bizilagunek eskatuta, duela 30 urte baino gehiago abiarazi zuen proiektua udalak, eta lau artista donostiarrek egin zituzten horma-irudiak.
Los Boscos Kooperatibak eraikitako etxebizitzen zonako etxebizitzek itxura tristea zutela iruditzen zitzaien Altzako bizilagunei 1980ko hamarkadan, eta inguru hori apaintzeko irtenbideren bat eskatu zioten Donostiako Udalari. Iñaki Gurrutxaga zen orduan Kultura zinegotzia, eta lau fatxadatan horma-irudiak egiteko proposatu zien. Bizilagunek euren oniritzia eman zuten, eta udalak lau artista donostiarri enkargatu zien proiektua: Julio Garcia Sanzi, Tomas Hernandez Mendizabali, Miguel Angel Alvarezi eta Jose Luis Iriondori, hain zuzen.
Horrela, horma-irudi bana diseinatu zuten artistek, eta 1988ko martxoan hasi ziren fatxadetako birgaitze lanak. Tindatutako lurrarekin estali zituzten lehenengo, eta horren gainean hasi ziren hamabost metroko altuerako eta hamar metroko zabalerako artelanak egiten. Lanak egiteko arduraduna Cotexsa enpresa izan zen, eta 30 milioi pezetako aurrekontua bideratu zuen udalak proiektura.
Lau artistek kolore leunak erabili zituzten, baina motibo desberdinetako diseinuak egin zituzten. Udalak askatasuna eman zien horma-irudiak egiteko garaian, eta Hernandezek egurrezko zaldi bat jantzita dantzatzen duten dantzari horietako bat egin zuen; Iriondok pottoka batzuk margotu zituen mendian bazkatzen; Alvarezek giza irudi batzuk irudikatu zituen mugimenduan; eta Garciak Pasaiko portuko itsasontzi batzuk egin zituen. Los Boscos Kooperatibak egindako eraikinetatik behera begiratuta, Pasaiko portua ikusten da, eta Garciak garaiko prentsari azaldu zion behean ikusten dena goian islatu nahi izan zuela.
Euren diseinuen bozetoak egin zituzten artistek, eta marrazki horietan lauki-sareak egin zituzten. Horrela, egurrezko listoiekin horma-irudien formak markatu odoren, Cotexsa enpresako teknikariek artelanak garatu zituzten, lauki-sare horien proportzioak jarraituz. Bestalde, horma-irudiak aire zabalean gelditu behar zirenez, ezin izan zuten pintura erabili zuzenean; marmol txikituarekin osatutako eta behar zituzten koloreekin tindatutako material bat erabili zuten, baldintza meteorologiko guztiak ondo aguantatu zitzan.
Lautik zortzira
Hasiera batean artista bakoitzari horma-irudi bana eskatu bazioten ere, udalak Los Boscos Kooperatibak eraikitako etxebizitzen zonako hamabi eraikinetatik zortzi apaintzeko erabakia hartu zuen ondoren, eta bozeto berriak aurkezteko eskatu zien lauei.
Azkenean, Alvarezen beste hiru diseinu aukeratu zituzten fatxadetarako, artea, lana, musika eta poseia islatzen zutenak. Zortzigarren horma-irudia, ordea, Garciak egin zuen elizan, motibo erlijiosoak baitziren nagusi bere diseinuan. Elizako horma-irudia ez da besteak bezain handia, ez baitu eraikineko fatxada guztia hartzen, beheko aldea baino ez. 1989ko ekainean eman zioten azken errematea proiektuari, Altzako gune horretako itxura behin betiko aldatuz.
Ia 31 urte pasa dira horma-irudiak gauzatu zituztenetik, baina, Kasares pasealekutik ibiltzerakoan, arreta ematen jarraitzen dute, ondo baino hobeto aguantatu baitute azken hiru hamarkadotako beroa, hotza, euria, elurra eta haizea. Altzako horma-irudiak kalean ere arteaz gozatu daitekeen erakusgarria dira.