"Datuak ez ematea edo murriztea ezin da inoiz irtenbide bat izan"
Osakidetzak koronabirusaren egoera epidemiologikoari buruzko eguneroko txostenak argitaratzeari ekin zion martxoaren 18an, EAEko probintzietako positiboen datuak udalerrika eta osasun eremuka banatuta eskainiz, besteak beste. Joan den astean, ordea, txosten horrek zenbait aldaketa jasan zituen, eta orri kopurua modu nabarmenean murriztu zen. Horren harira, lehendakariak datuen horien erabilera publikoa mugatzeko premia azpimarratu zuen asteburuan, ulertzeko zailak izan daitezkeela argudiatuz.
Zer iruditu zaizu pandemian zehar Osakidetzaren partetik jaso dugun informazioa?
Azken egunetako joera kezkagarria iruditu zait. Denborarekin, datuak erraztasun handiagoarekin eman beharko lirateke, dinamikak sortzen doazelako, baina guk kontrakoa ikusi dugu. Datu zehatzen argitaratzea gutxitzen joan da. Lehen, segmentatuta agertzen ziren datuak orain elkarturik erakusten dizkigute, eta horrek azterketak zailtzen ditu.
Urkulluk aurrekoan esan zuen datuen erabilera publikoa tentuz egin behar dela. Datu batzuk ez argitaratzea komenigarria dela, alegia. Eta horrek kezkatu egiten nau.
Lehendakariak informazioa mugatzeari buruz hitz egin zuen, eta adierazi zenbaitetan datuak ‘modu interesatuan’ gaizki interpretatzen direla. Hobe izan daiteke, hortaz, batzuetan daturik ez ematea?
Ez. Argi eta garbi. Ados nago, batzuetan datuak ulertzeko zailak dira, eta modu interesatuan erabiltzeko aukera dago, noski. Ikusten bada datu horiek ulertzeko moduan dagoela arazoa, pedagogia egin beharko litzateke. Argitaratu ditzatela beharrezkoak diren azalpen guztiekin, edo ahaldundu ditzatela hedabideak, esaterako, pedagogia hori beraiek egin dezaten. Niri ez zait iruditzen jatorri publikoko datuak ez ematea edo murriztea inoiz irtenbide bat izan daitekeenik.
Besteak beste, datuak ez emateko hautua ere ‘modu interesatuan’, egin daitekeelako.
Noski. Datuak mugatzen doazen neurrian, mugatze hori interes batzuen arabera egiten ari dira. Eta interes horiek ez badira argitara ematen, datuek are eta fidagarritasun gutxiago dute.
Ezerk ez dio interesei ihes egiten. Datuez hitz egiterakoan badago beti nolabaiteko pentsaera bat, datuak objektiboak direla dioena. Datuak soilik datuak direla esaten duena. Eta hori ez da egia. Datuak interes batzuen arabera biltzen eta zabaltzen dira, eta hori garbi ikusten ari gara orain: datuak nondik jasotzen diren, zein test mota nahasten diren, nola banatzen diren datu horien jatorriak, nola argitaratu…
Horren guztiaren atzean irizpide batzuk daude, eta irizpide horiek publiko egiten ez badira eta gainera gero eta irizpide gehiago aplikatzen badira, datu horiek publiko egin gabe, datuen irakurketa gero eta mugatuagoa bilakatzen da. Egoeraren ulermena gero eta digerituago jasotzen dugu, eta horrek interpretaziorako aukera asko mugatzen du.
Eta zer moduz moldatzen dira herritarrak datuekin? Hauek haien kabuz digeritzeko gai direla uste duzu?
Nik nire tesia datuen kazetaritza eta antsietate matematikoaren inguruan egin dut, eta nire iritzia hortik emango dizut. Nire ustez, asimetria handi bat daukagu datuen eskuragarritasunaren eta jendearen gaitasun orokorraren artean. Askoz datu gehiago ditugu, hiritar gisa ulertu eta lantzeko gai garena baino. Hor badago, hortaz, gaitasun matematikoa lantzeko behar bat.
Hori esanda, hiritartasun orokorra beharko litzatekeen maila matematiko horretara ekartzea errealista ez bada, behintzat hedabideak ahaldundu beharko genituzke, hor paper oso garrantzitsu bat joka dezaketelako. Gertatzen denaren interpretatzaileak diren heinean, tarteko bidea egin dezakete.
Izan ere, ez dugu denok zertan epidemiologoak edo matematikoak izan behar. Hedabideek datuen konplexutasun hori nolabait digeritu eta transmititu dezakete, lehen aipaturiko irizpideak ahalik eta modu gardenean aurkeztuta. Horrela, irakurketa bat jasotzearekin batera, informazio hori zein zentzutan ulertu behar den jakin dezake herritarrak.
Zentzu horretan, kazetariak behar bezain ‘ahaldunduta’ gaude?
Kazetariok badaukagu tradizionalki matematikarekiko muga bat. Matematika gehiegi ez lantzeko joera bat, hain zuzen. Nire tesian aztertu dut kazetaritzara iristen den jendearen profil orokor batek matematikaren aurkako aurreiritzi bat duela. Matematika lantzeko bere gaitasun propioaren kontrako aurreiritzi bat, eta horrek asko zailtzen du lehen aipatu dudan hori.
Zein da, bada, datuekiko izan beharko genukeen jarrera?
Ausardia gehiagorekin jokatu beharko genuke, datuak beldurrik gabe emanez, eta behar den formakuntza jasota, ahal diren interpretazio zintzoenak egiteko. Eta zintzoa diot, objektiboa izatea ezinezkoa delako, baita datuez hitz egiten dugunean ere.
Beti dago interpretazio bat; hortik hasi behar gara. Eta behin hori esanda, nola argitaratu datuak? Ba, norberak bere mugak ezagutuz eta plazaratuz, gero irakurle bakoitzak datuak ahal duen modura ulertu ditzan.
Eta datuen iturria beti argitaratuz, noski, gaitasun handiago bat izan dezakeenak datu horietara jotzeko aukera izan dezan.
Zure ustez, une honetan zein da pandemiaren eragina ondoen islatu dezakeen adierazlea?
Une honetan dugun zailtasun nagusia datuen kontaketarena da. Izan ere, positiboen eta koronabirusari loturiko heriotzen benetako zenbatekoa jakitea ia ezinezkoa da. Kontaketarekin eztabaida dago, ez baitago argi noiz gertatzen de heriotza bat koronabirusaren eraginez edo beste zerbaiten ondorioz. Eta positiboen eta testen auzian sartuz gero ere eztabaida luzea dugu.
Heriotza tasaren datuek, ordea, zailtasun horien neurri batean gainditzeko aukera ematen dute, joan diren urteetako heriotza kopuruak kontuan hartu eta aurtengoekin alderatzeko balio dutelako. Ez soilik koronabirusarekin zerikusia izan dezaketen heriotzak, guztiak baizik. Eta hor islatzen diren gorakadek pandemiaren eragina irudikatzeko balio dezakete.
Nazioartean MoMo datuetan (Heriotza tasaren monitorizazioa; Mortality monitoring, ingelesez) oinarritzen diren gero eta txosten gehiago egiten ari dira. Financial Times-ek, esaterako, hau erabiltzen du mundu osoko zifrak emateko, hasieran positiboetan eta gero hildakoetan oinarritu ostean.
MoMo-ak ikuspegi fidagarriago bat ematen du, terminologia estatistikoa erabiliz, sendoagoa, kontaketari buruzko auziak ez baitu eraginik adierazle horretan. Eta esan dudan modura, hori da, hain zuzen, pandemia neurtzeko orain dugu zailtasunik handiena.
Profila
MIREN BERASATEGI (Donostia, 1982)
Deustuko Unibertsitateko irakaslea eta ikertzailea da. Gizarte Zientzietan lizentziaduna, Informazioa eta Ezagutzaren Gizarteari buruzko masterra egin zuen, eta gero estatistika metodoetan espezializatu zen. 2014tik hona, datuen kazetaritzaren inguruko formakuntza Komunikazio graduetan txertatzeko beharra aztertu du, antsietate matematikoak ikasleengan duen eragina ikertuz. Urte hasieran doktorego tesia aurkeztu zuen, Datuen kazetaritzaren lanketa Komunikazioko graduetan: proposamen bat antsietate matematikoaren eta honek errendimenduan duen efektuaren ikuspegitik izenburuarekin.