Donostiako auzoak jairik gabe gelditu dira, gutxienez irailera arte
Joan den astean EAEko hiru hiriburuetako Aste Nagusiak bertan behera utzi ondoren, zaila zirudien udan auzoetako jaiak antolatu ahal izatea, eta hala izan da: ez da jairik izango maiatzean, ekainean, uztailean eta abuztuan.
Hilaren 15ean Aste Nagusia bertan behera utzi ondoren, udako jaiak kolokan gelditu ziren, eta, Igeldoko Herri Kontseiluak eta Ttonttorro jai batzordeak erabakia hartu zuten egunean bertan: ekainaren 21etik uztailaren 2ra antolatu behar zituzten San Pedro jaiak bertan behera uzteko erabakia hartu zuten. Bestalde, Bidebietan eta Morlansen joan den asteburuan izan behar ziren jaiak, baina sanjuanetara atzeratzeko asmoa zuen Donostiako Festak erakundeak. Hori ere, ordea, ezinezkoa izan da, eta irailera bitarteko jai guztiak bertan behera gelditu dira. “Gure jaien idiosinkrasia, egun horietan harremanak izateko dugun modua eta jaiak ospatzen ditugun espazioak ezagututa, ez dugu aukerarik ikusten gure auzoetan urtero ospatzen diren jaiak aurtengo udan egiteko”, azaldu zuen Donostiako Festak-ek asteartean.
Horrela, asko dira aurten antolatuko ez diren jaiak: Bidebietako Txanpontxo jaiak, Morlansko jaiak, Larratxoko jaiak, Antiguako sanjuanak, Herrerako jaiak, Amara Berriko Festak, Ipar Intxaurrondoko sanjoanak, Oletako sanjoanak, Igeldoko San Pedro jaiak, Altzako San Martzial jaiak, Intxaur jaiak, Añorgako Karmengo jaiak, Groseko Zipotz jaiak, Kaiko Karmengo jaiak, Amara Berriko Karmengo jaiak, Zubietako herri jaiak, Amarako jaiak eta Loiolako San Ignazio jaiak. Hala ere, 2021eko diru-laguntzei begira, “2020a existitu izan ez balitz bezala” egingo du Donostiako Festak-ek, eta 2019ko datuetan oinarrituko dira kalkuluak egiteko. Antiguako eta Ibaetako sansebastianek, aldiz, 2020ko diru-laguntza bere hartan jasoko dute.
Bestalde, iraileko eta urriko jaiak antolatzeko asmoa dute, momentuz behintzat: Añorga Txikiko jaiak, Txomiñeneko jaiak, Intxaurrondo Zaharreko jaiak, Jolastokietako jaiak, Aieteko jaiak, Egiako Porrontxo jaiak, Loiolako Erriberako San Festo jaiak, Amara Berriko jai herrikoiak eta Martuteneko jaiak, hain justu. Gaiaren inguruan galdetuta, Gasteizen San Prudentzio Eguna balkoietatik ospatu zutela gogoratu du Eneko Goia alkateak: “Agian gauza sinbolikoak antolatu daitezke, baina ez jaiak bere hartan”.
Jai herrikoien aldeko apustua
Auzoetako jaiez gain, Hego Euskal Herriko hiriburuetako jai nagusiak –Iruñeko San Fermin jaiak eta Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Aste Nagusiak– ere bertan behera gelditu dira. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako jai batzordeek –Donostiako Piratek, Herri Sanferminek, Iruñako Peñen Federazioak, Bilboko Konpartsek, Gasteizko Blusen eta Nesken Elkarteak eta Gasteizko Txosnek– ez dituzte zalantzan jarri neurri hauek, baina erakundeek erabakiak hartzeko erabilitako modua kritikatu dute.
Izan ere, erabakitzeko prozesutik “baztertuak” izan direla eta albisteak “minutu batzuk” lehenago edo prentsaren bidez ezagutu dituztela azpimarratu dute. Hain zuzen, bestelako jarrera bat merezi zutela eman dute aditzera, batzordeak udalekin “etengabeko harremanetan” egon direlako eta hitz egiteko prestutasuna hasieratik erakutsi dutelako: “Beste behin ere jai herrikoiak bigarren planoan utzi gaituzte, herritarron parte hartzea alde batera utziz”.
Horregatik, udan zehar jaiak “modu berritzailean” eskaintzeko apustua egingo dutela iragarri dute, betiere osasun eta segurtasun neurri guztiak beteaz: “Garai gogor hauetan herritarrok inoiz baino gehiago behar dugu jaiek ematen diguten alaitasuna, kolorea, kolektibotasuna. Eta hori modu parte hartzailean, euskaratik, feminismotik eta jasangarritasunean egiten jarraitu nahi dugu, denon parte hartzea oinarri hartuta”.