"Fisikoki elkartu ezin dugun artean, uhinetan elkartuko gara"
Egiakoak ez diren arren, auzoaren esentzia jasotzeko irratsaio bat jarri dute abian Elene Lopetegik (Gros, 1995) eta Maddi Gallastegik (Zumaia, 1989). Plazaberri plazan bizi dira, auzotarren topaguneetako batean. Konfinamenduaren ondorioz, ordu asko igaro behar izan dituzte etxean, eta sukaldearen epelean sortu dute ‘Plazaberritik’ irratsaioa
Nola sortu zitzaizuen irratsaio bat egiteko ideia?
Maddi Gallastegi (M.G.): Konfinamendua luzatzen ari zela ikusita, zerbait egiteko gogoa sartu zitzaigun, hainbeste ikusiseriehauirakurriliburuhura konturekin aspertuta. Hainbeste informaziorekin bonbardatzen gaituzte egunero bide desberdinetatik, bada, guri auzotik eta auzotarrentzat bonbardatzea okurritu zitzaigun. Gainera, baliabide gutxirekin erraz eta etxean egin daitekeen zerbait da. Ni erromantiko totala naiz, eta irratiaren kontua ere bada pixka bat horrelakoa.
Zergatik aukeratu zenuten izen hori?
M.G.: Batetik, plaza bera eta kalea orokorrean berreskuratu beharreko espazio publikoak direlako. Orain elkartu gaitezke terraza batean, agian lagunen baten etxean edo lantokian, baina ez kalean, kalea zirkulazio hutserako eremua dela dirudi, arautua eta leku pribatu batetik beste leku pribatu batera joateko bidea. Urgentea da berreskuratzea ezer materiala produzitzen eta kontsumitzen ez den toki publikoa, guztiona dena.
Bestetik, Plazaberri leku esanguratsua da Egian: hor dago Txoko Internazionalista, Kaktus taberna, Porrontxoetan hor jartzen da gazte karpa, urte hasieran greba komitea hor bildu izan zen, eta abar. Auzoko norbanako eta eragileentzat gune erreferentzialetako bat da, antolatzeko, borrokatzeko eta gozatzeko. Eta azkenik, plazaren izenak berak hitz jokorako aukera ematen du: fisikoki elkartu ezin dugun artean, birtualki edo uhinetan elkartuko gara, irratsaio hauxe izango da gure plaza berria, eta plaza berri honetatik zabalduko gara auzora.
Nortzuk egiten duzue irratsaioa? Inoiz egin duzue horrelakorik
lehenago?
M.G.: Egiako zaintza sareak jarri du martxan; beraz, auzotarrez osaturiko sare oso bat dago saioaren atzean. Esatari lanetan zeintzuk aritzen garen baldin bada galdera, Elene eta biok, sareko bi kide. Nik podcastik inoiz ez dut egin orain arte, baina unibertsitateko garaietan Hala Bedi irratian egiten genuen programa bat, eta gerora Info7n ere bai beste bat. Beti gustatu izan zait eta aukeran estudioan grabatzea nahiago dut, baina etxeko sukaldean egitea ere ez dago gaizki.
Elene Lopetegi (E.L.): Ni betidanik izan naiz irrati zalea, ohitura handia dut irratia entzuteko. Baina orain arte ez dut inoiz horrelakorik egin. Gogoan dut ikastolan irratia genuela, eta gela batean estudio txiki bat zegoela; gela bakoitzean bozgorailu bat egoten zen arbelaren gainean, eta irratia martxan jartzen zenean gela guztietatik entzuten zen. Tarteka tokatzen zitzaigun hitz egitea, baina ikastolako kontuak ziren, ikasgai bat besterik ez; hori da irratiarekin izandako harremana.
Zein funtzio bete dezake horrelako irratsaio batek auzoan?
M.G.: Auzotik eta auzoarentzat sortutako saio bat da, beraz, auzotarrak gara protagonistak. Gaur entzule dena bihar elkarrizketatu izan daiteke, eta etzi, agian, elkarrizketatzaile. Auzotarron eta auzoko eragileen arteko elkar ezagutzan sakontzeko balio dezake. Kasik zero kilometrora mugatuta gauden denbora honek zero kilometroko harremanak sendotzeko balio badigu, oinarri ederra izan daiteke plazak berreskuratzeko.
Zeintzuk dira gonbidatuak aukeratzeko dituzuen irizpideak?
E.L.: Ez dugu idatzita aldatu ezin den irizpiderik. Baina orain arte behintzat, auzotarrak izatea eta euskaraz jakitea lehenetsi dugu. Gai bat aukeratzen dugunean inguruan gai horren bueltan dabiltzan auzotarrak identifikatzen ditugu, edo inguruko lagunei galdetzen diegu ea nor izan daitekeen egokia. Horrela osatzen dugu saioa.
Musikak ere badu paper garrantzitsua irratsaioan. Musika zaleak zarete?
M.G.: Oso zaleak.
E.G.: Oso oso zaleak. Edozein formatutan, zuzenean, etxean… Kantatu zaleak ere bagara. Donostian behintzat kantujira ez dago galtzeko arriskuan.
Zein baliabide tekniko dituzue irratsaioa egiteko?
M.G.: Ordenagailua, eta telefono mugikorra. Guztia etxetik egin dugu orain arte, elkarrizketatuei eta kolaboratzaileei telefonoz deitu diegu, deiak grabatu, eta ondoren ordenagailuaren bidez editatu, eta sarera igo eta zabaldu. Sinple. Do it yourself esaten omen zaio, betiko autogestioa.
Zein asmo duzue etorkizunerako? Koronabirusaren kontu honek iraun bitarteko zerbait da ala jarraitzeko asmoa duzue aurrerago ere?
E.L.: Oraingoz behintzat astean behin egitea erabaki dugu, horretarako denbora eta gogoa badugu behintzat. Gerora ikusi beharko da egoerak zer nolako garapena edukitzen duen ,eta ea gure baldintzak ere nola aldatzen diren. Ikusiko dugu!
NON ENTZUN DAITEKE?
- Telegramen. Plazaberritik kanala.
- Ivoox plataforman. www.ivoox.com webgunean Plazaberritik irratia
bilatuta. - Ttan Ttakun irratian. FM-ko 107.2-an ostegunetan, eta Interneten.