Inor atzean ez gelditzeko ari dira lanean
Hezkuntza zentroen itxierak haur eta familia askorengan zailtasunak eragin ditu, arlo akademikoan zein kontziliazioari dagokionez. Familia horiei lagun egiteko asmoz, hainbat eragilek bat egin dute, eta umeei errefortzua eskaintzeko boluntario sare bat eratu dute.
Umeak dituzten familiak izan ziren COVID-19aren albo-kalteak nabaritu zituzten lehenengotarikoak. Izan ere, hezkuntza zentroak ixteko erabakiak zeharo aldatu zuen horien egunerokotasuna. Haurrek eskolara joateko debekua zuten, baina guraso eta tutore askok lanera joan behar izan zuten, eta telematikoki lan egiteko agindua jaso zutenek ere, euren betebehar laboralez arduratu behar izan zuten. Testuinguru horretan, hezkuntza eta lan sistemaren gabeziak inoiz ez bezala atera ziren argitara, esaterako, akademikoki seme-alabei lagun egiteko guraso batzuen zailtasunak, eta kontziliaziorako bidean aurkitutako mila traba.
Egoera berriaren ondorioak ikasle eta familia guztiek pairatu dituzten arren, beste behin, egoera zaurgarrienean dauden horiei eragin die modu bortitzagoan. Hori ikusita, bada familia horiei lagun egiteko asmoz antolatu eta lanean ari denik, bai koronabirusaren pandemia hasi aurretik, baita azken bi hilabeteetan ere. Horietako proiektu bat da, esaterako, Ongi etorri eskolara. Honela deskribatu du egitasmoa Dorleta Mikeo Zubillagak (Egia, 1975), Ongi etorri eskolarako koordinatzaileak: «Ongi etorri eskolara proiektua eskolan, aniztasun kulturala kudeatzeko, kulturarteko harremanak sustatzeko, eta Donostiara beste herrialde batzuetatik epe luzerako gelditzera etorri diren familien euskararekiko interesa lantzeko pentsatua dago. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan egiten dugu lan».
Ongi etorri eskolarak kulturartekotasunaren ikuspuntua jorratzen du ikastetxeetan, eta berebiziko garrantzia dauka euren jardunean eskola komunitate osoaren inplikazioak. «Eskolan hasten den lanketa, bere ingurura zabaltzen da, eskola kokatua dagoen eremu komunitariora», azaldu du Mikeok. Horregatik, eskoletan egiten duten esku hartzeaz gain, eremu horretan lan egiten duten elkarteekin ere lotura dute.
COVID-19ren pandemian ezarritako konfinamenduak modu presentzialean egiten zuten lana berrantolatzera bultzatu ditu Ongi etorri eskolarakoak, eta horretarako ikus-entzunezkoak erabili dituztela kontatu du Mikeok. Testuinguru horretan, familietan gertatzen ari ziren hainbat zailtasun identifikatu zituzten, gehienbat arlo akademikoan seme-alabei lagun egiteko gurasoek dituzten gabeziekin lotutakoak: «Konfinamendua hasi zenean ohartu ginen telematikoki ezarritako hezkuntza sistemaren ondorioz, haur askok zailtasunak izango zituztela etxeko lanekin. Izan ere, etxe askotan ez dute euskara ulertzen edo agian, beste batzuk duela gutxi iritsi dira Euskal Herrira».
«Zaintza mota horri» erantzuna emateko, konfinamendua hasi zenean auzoetan antolatu ziren zaintza sareekin koordinatzea garrantzitsua zela pentsatu zuten orduan, izan ere, sare horien bidez, askotariko jarduerak egiten laguntzeko prest dagoen jende asko bildu dela uste du Mikeok. «Egoera honetan auzoetako zaintza sareak izan dira jendearengana iristeko bide nagusia», gehitu du Egiakoak.
Komunitateko boluntarioak
Beharrak identifikatu eta koordinazioari ekin ostean, lehen lana izan zen boluntarioak lortzea. Auzoetako eta eskoletako Whatsapp taldeetan egitasmoaren berri eman, eta boluntarioen parte hartzea eskatu zutela azaldu du Mikeok. Gaur egun 25 boluntario inguru ari dira beste horrenbeste umeri lagun egiten, eta Ongi etorri eskolarakoak azaldu duenez, beste hogei eskaera gehiago dituzte. Horregatik, boluntario bila ari dira orain, laguntzaile gabe dauden familia eta haur horiei laguntzeko. Egitasmoan lanean ari direnek, sare sozialen bidez zabaldu dute parte hartzeko deialdia, eta donostiarrak animatu dituzte proiektuarekin bat egitera.
Boluntario horietako bat da Sara del Rio Loiarte (Intxaurrondo, 1996) soziologoa. Soziologia ikasteaz gain, Ikasketa Feministak eta Generokoak masterreko ikaslea da, eta gaur egun haur eta nerabeekin egiten du lan hiriko Haurtxoko eta Gaztelekuen sarean. Gainera, gaztetatik hezitzaile boluntario lanetan aritu izan da, Abaigarreko Euskal Udalekuetan eta Egiako Antxeta-Ttanttakun aisialdi taldean.
Hori dela eta, azaldu du boluntario lana ez dela berria beretzat, eta orain egiten ari dena «lehenagotik egitera ohituta nengoenari jarraipena ematea bezalakoa izan dela». Konfinamendua dela eta, azken hilabeteetan ezin izan du bere lana normaltasunez egin, eta horren ondorioz, umeak faltan bota dituela aitortu du Intxaurrondokoak: «Hau guztia hasi aurretik, haurrak nire egunerokoaren parte ziren, eta orain beraien falta sumatzen dut».
Del Riok Intxaurrondoko zaintza sarera jo zuen, haurrei laguntzeko eta «beste hainbat zereginetan» laguntzeko asmoz: «Lehenago ere bagenekien sistema honen menpe ezin ditugula bizitza bizigarriak eraiki, ezta etorkizunik irudikatu ere. COVID-19arekin geroz eta egoera bortitzagoak bizitzen ari gara, eta are argiago geratu da elkar zaintzeko sareak behar ditugula, eta kolektibotasuna aldarrikatuz bakarrik egin diezaiokegula aurre egoera honi; horregatik naiz sare honen parte», azaldu du.
Euskararekiko lotura
Del Riok astean pare bat aldiz egiten ditu saioak Julene izeneko ume batekin, eta horiek ordu eta erdi inguruko iraupena izaten dute. «Ikastola itxita dagoenez, ez du norekin euskaraz jardun, eta gaitasun hori ez galtzeko jo zuen familiak zaintza sarera», kontatu du boluntarioak. Mikeok azaldu duenez, Donostiako haur askorentzat euskaraz mintzatzeko esparru bakarra da eskola, eta horregatik, oso garrantzitsua da konfinamendu garaian horrelako egitasmoak sortzea. Boluntarioen lana indartzeko asmoz, euskaraz telematikoki eskaintzen diren baliabideen «kutxa bat» sortu dute Ongi etorrikoek, eta familiei euskarazko euskarrietan dauden produktuak kontsumitzeko gomendioa egin diete: liburuak, irratsaioak, Youtubeko bideoak, telebista saioak, eta abar.
Euskaraz hitz egiteko zailtasunei konponbidea jartzea da egitasmoaren helburua, baina, era berean, beste ikasgai batzuekin ere laguntza ematen diete boluntarioek umeei: «Elkarrizketa bidez euskara praktikatzea da helburua, baina bestelako zenbait ariketa ere egin izan ditugu», adierazi du Del Riok. Era berean, hizkuntzak eta eduki akademikoek sortzen dituzten zailtasunei, beste gabezia batzuk ere gehitzen zaizkiela salatu du Mikeok, esaterako, gailu egokiak eta Interneterako konexio eza, eta haurrentzat etxeko lanak egiteko inguru egoki bat ez edukitzea.
Ikasturte hau inoiz bizi izan duten arraroena izango da ikasle askorentzat, eta, eskolako edukiak normaltasunez jorratu ez badituzte ere, segur aski pandemia honek irakaspen asko eman dizkie haur zein helduei.