Kontzertuen fasea iristeko zain
Koronabirusaren krisiarekin batera, kontzertuak eta bestelako kultur jarduerak bertan behera gelditu dira. Donostiako aretoek egoera zaila bizi dute, baina kontzertuak berriz antolatzeko gogoz daude.
Martxoaren 14an alarma egoera ezartzearekin batera, kultur jarduerak eten ziren nonahi. Pandemiak gogor jo du, eta bi hilabete baino gehiago igaro dira zuzeneko ekitaldirik inon antolatu gabe.
Donostian, Dabadaba da kultur jarduerak antolatzen dituen areto erreferentea, eta Alex Lopez-Allende arduradunaren arabera, “kontzertuak eta gaua” dira euren indarguneak, eta arlo horietan “arrakasta izateko, jendea behar da”. Gainera, Dabadabak sei edo zazpi hilabeteko aurrerapenarekin programatzen ditu kontzertuak; beraz, ekitaldi asko datorren urtera arte atzeratuko dituztela adierazi du Lopez-Allendek: “2021era arte ez dut uste nazioarteko birarik egingo denik; beraz, aurten kontzertuak antolatzen baditugu, inguruko taldeekin antolatuko ditugu”.
Bestalde, aretoa ireki ahal izan arte, hainbat gauza dituzte buruan Dabadabakoek: “Ondarretako txosnetako bat, Pasai Donibaneko Kantina eta Errenteriako lokal bat ere kudeatzen ditugu, beraz, ez gaude soilik Dabadaren menpe. Hala ere, aretoaren bideragarritasunean pentsatu behar dugu, eta gure asmoa da kafetegi zerbitzua indartzea eta disko dendari azken ukitua ematea”.
Dabadabarekin batera, Doka da Donostiako beste areto nagusia, eta Mikel Roman arduradunak azaldu duenez, “erakundeen irizpideak jasotzeko beharra” dute, noiz eta nola ireki erabakitzeko: “Badirudi ekainean taberna ireki ahal izango dugula, baina zaila da kontzertuak antolatzea %30eko edukierarekin. Horregatik, talde hasiberriekin zerbait egitea pentsatzen ari gara”. Romanen arabera, barra da euren diru iturri nagusia, baina dena lotuta dago: “Ez baditugu kultur jarduerak antolatzen, barrak ez du funtzionatzen; hau da, kultur eskaintza bat daukagulako irekitzen dugu”.
Lopez-Allenderekin bat egin du Romanek, eta azpimarratu du zaila ikusten duela nazioarteko taldeak aurten ekarri ahal izatea: “Normaltasun berriaren itzulera datorren urtean izango dela aurreikusten dugu”. Bitartean, ordea, tokiko taldeen zuzenekoak eskaintzen ari dira Internet bidez, Dokan bertan grabatuta: “Min handia egin digu honek, baina, hala ere, jarraitzaleei zerbait eskaini nahi genien, diru sarrerarik izan gabe. Horregatik, zuzenekoak eskaintzen ditugu Hamaika Telebista-rekin elkarlanean, eta Bizum zenbaki bat jartzen dugu, jendeak ekarpenak egin ditzan. Horrekin eta jaso dugun diru laguntza txiki batekin, taldeak laguntzen ditugu”.
Mogambo aretoa kudeatzen duen kolektibokoek ere datozen hilabeteetako kontzertuak bertan behera utzi behar izan dituzte, eta urrirako eta azarorako talde batzuk lotuta badituzte ere, ez dute argi ikusten kontzertu horiek egin ahalko dituzten. Kolektiboak azaldu duenez, irailean kontzertuak antolatu ahalko balituzte, “primeran”, baina “egoera hau zaila eta nahasia da mundu guztiarentzat, eta denborak esango du noiz izango den posible kontzertuak berriz antolatzea”. “2021era arte itxaron behar badugu, hala izango da”, gaineratu dute. Era berean, Mogambo gune autogestionatua dela nabarmendu dute, eta, beraz, dirua “bost axola” diela: “Kontzertuak normaltasunez egin ahal izan arte, ez dugu ezer antolatuko; edonork etortzeko aukera izatea nahi dugu, ez soilik 30 lehenek”.
Be Club tabernak gero eta izen nabarmenagoa du hiriko kultur eszenan, baina gaur egun bizi duten egoera “kritikoa” dela nabarmendu du Iñaki Unzueta arduradunak. Azaldu duenez, kontzertu asko antolatzen badituzte ere, hori ez da euren diru iturri nagusia: “Kontzertuekin irudia eta jende mugimendua lortzen dugu, baina gaueko zerbitzutik bizi gara”. Nahiz eta terraza txiki bat izan –hiru mahai altu–, tabernak itxita jarraitzen du, udalak ez baitie terraza hori handitzeko baimenik eman. Era berean, Unzuetaren arabera, edukiera murriztuta ez da bideragarria kontzertuak antolatzea: “Guk 144 pertsonako edukiera daukagu; beraz, murriztu behar badugu eta kontzertuak antolatu, defizitarioa da. Hala ere, ez naiz kulturarekin ahaztuko hau pasatzean”.
Normaltasun berriko kontzertuak
Donostiako aretoetako arduradunek ez dakite oraindik noiz irekiko dituzten, eta ez dakite nolakoak izango diren ere hurrengo hilabeteetako kontzertuak. Edukiera murriztuta eta segurtasun distantziak mantenduta kultur jarduerak antolatzeko aukerarekin ere kezkatuta agertu dira.
Lopez-Allenden ustez, Dabadaba ez da bideragarria kontzertu guztiak edukiera heren batera murriztuta eginda. Roman distantziak mantentzeko beharrarekin kezkatuta agertu da: “Zaila ikusten dut kontzertu batera joatea eta inorekin harremanik ez izatea; ez gaude ohituta”. Unzuetarentzat ere zaila da kontzertuak horrela antolatzea, baina azpimarratu du ez duela irekiko segurtasuna bermatu ahal izan arte. Mogambokoentzat, ezinezkoa izango litzateke neurri horiek betetzea: “Guk ez dugu polizia lana egiten ibili nahi. Bi hilabeteren ondoren, ez da horrenbeste kostatzen pixka bat gehiago itxarotea”.