Pandemiak Donostian utzitako datuak
Kostata izan bada ere, badirudi behingoz COVID-19aren pandemiak behera egin duela Donostian eta Euskal Herrian. Arriskua, noski, ez da desagertu, baina arnasaldi honek begirada atzera bota eta birusak gurean utzi dituen zifrak aztertzeko aukera eman digu.
Arriskua oraindik hor dago, kanpoan jarraitzen du, eta arrazoi horrengatik, herritarrak orain arte bezain erne mantentzea ezinbestekoa dela errepikatzen digute adituek. Izan ere, birusaren agerraldi berri bat edozein unetan gerta daitekeela pentsatzeko arrazoirik ez da falta, eta behar-beharrezkoa da hori inoiz ez ahaztea.
Dena den, pandemiak Euskal Herrian izan duen bilakaera errepasatu eta datuak aztertuz gero, optimistak izateko arrazoiak ere topatu ditzakegu. Izan ere, kutsatu eta hildako berrien kopuruak beherantz jarraitu du apiriletik hona, eta birusaren oinarrizko birsorkuntza tasa 1en azpitik egonkortu da.
Testuinguru horretan, Gipuzkoak eta Donostiak bereziki onak diren zifrak izan dituzte, azken astean kutsaturik gabeko zenbait egun erregistratzeraino. Hain zuzen, joan den ostiraletik hona soilik sei kutsatu berri izan dira lurraldean, eta bat bera ere ez hiriburuan.
Donostiarrak kutsatze arriskutik kanpo daudela esan nahi du horrek? Ez, inondik inora. Izan ere, kutsatzeko aukerak murriztu egin diren arren, aukerek hor jarraitzen dutela azpimarratu du Carlos Barrusok, Donostialdeko ESIko Integrazio Zuzendariak: ”Jendeak arauak betetzeari uzteak birusaren berragertze bat eragin dezake, eta horrek kezkatu egiten gaitu”.
Inzidentzia baxua
Donostia da alarma egoeraren beraren menpe geratu diren euskal hiriburuen artetik [Hego Euskal Herrikoak, alegia] pandemiak gutxien jo duena. Osakidetzaren eta Osasunbidearen datuen arabera, maiatzaren 19an, Gipuzkoako hiriburuko kasu positiboak 750 ziren (40,2 positibo 10.000 biztanleko), Iruñean 2.902 (143,9), Bilbon 3.537 (101,8) eta Gasteizen 3.953 (158,2) ziren bitartean.
Donostian birusak izan duen inzidentzia baxuaren arrazoia konfinamendua hasi zen datarekin erlazionatu du Barrusok: ”Ezarri zenean, Donostian beste leku batzuetan baino prebalentzia baxuagoa genuen, eta hori erabakigarria izan da”. Hau da, martxoaren 15ean (berrogeialdiaren lehen egunean) birusaren hedapena zein zen kontuan hartuta, batzuentzat konfinamendua besteentzat baino lehenago iritsi zela ulertu behar da.
Donostian otsailaren 28an eman zen hiriko lehen positiboaren berri, eta hortik hemezortzi egunera, Osakidetzaren eguneko lehen txostenak esan zuen donostiarren arteko positibo kopurua 24 pertsonakoa zela. Bilbon eta Gasteizen, berriz, hurrenez hurren 83 eta 502 positibo zituzten ordurako.
Lasterketari malda zapalago batekin ekin izanak ez du esan nahi, ordea, Donostiak orain arte eginikoa bide erraza izan denik. Izan ere, egungo egoerara iritsi ahal izateko, herritar gehienek segurtasun neurriak behar den modura betetzeko ardura erakutsi dute, eta osasun langileek, ororen gainetik, lan izugarria egin dute.
Egun gogorrak izan dira
Birusaren sintomak agertzen zituzten paziente gehienak anbulatorioetako langileek detektatu eta kontrolatu dituztela zehaztu du Xabier Goikoetxeak, Donostialdeko ESIko Osasun Zuzendariordeak: “Horri esker, protokoloak jarraituz, ospitaleetan soilik arreta berezia jaso behar zuten gaixoak egon dira, gainezka egitea saihestuz”.
Dena den, osasun zentroak egoera kudeatzeko gai izan diren arren, pandemiaren egunik gogorrenak oso latzak izan ziren hiriko osasun langileentzat, kutsatuen kopurua une batetik bestera asko hazi zelako. Azpiko grafikoan ikusi daitekeen modura, martxoko azken astean eguneko positibo berrien zifrak izugarri handitu ziren, eta egun horietan zehar, larrialdietan artatutako eta ingresatutako pertsonen kopurua ere pandemiako altuena izan zela zehaztu du Goikoetxeak.
Hortik aurrera, baina, positibo berrien kurbak beheranzko joera orokor bat izan zuela ikusi daiteke, egungo egoerara iritsi arte.
Osasun eremukako datuak
Hiriko hamar osasun eremuetako datuei erreparatuz gero, pandemiak auzo bakoitzean bilakaera propioa izan duela ondoriozta daiteke, zona batzuetako zifrak beste batzuetakoak hirukoiztera iritsi direlako. Goikoetxearen arabera, ordea, birusaren garapena nahiko antzekoa izan da hiriko auzoetan: “Bilakaera homogeneo samarra izan da. Kontua da datu altuenak dituzten eremu horietan, horko zentro soziosanitarioetan izandako pazienteen pilaketak egon direla, zifrak handituz”.
Osakidetzako arduraduna Altzako Berra erresidentziaren moduko kasuez ari da hitz egiten. Hain zuzen, ELA sindikatuaren arabera, zaharren egoitza horretan 35 egoiliarrek eman zuten positiboa koronabirusaren proban apirilean, zentroko hainbat langilerekin batera, eta adinekoen arteko heriotza kopuruak izugarri igo ziren.
Beraz, erresidentzia horrekin gertatu izan daitekeen modura, goiko grafikoan ageri diren gorabehera nabarmenenak “etxeko eta laneko esparruetan” izandako kutsatzeei dagokiela azaldu dute Osakidetzako arduradunek.
Eta, halako faktoreez gain, hirian aktibitate berdinean parte hartu izan zuten pertsonen arteko zenbait kutsatze ere identifikatu zituztela gogoratu du Barrusok, hala nola hirian autobus bidaia jakin batean kutsatu zen pertsona talde baten kasua.
Heriotzei buruzko datuak ezezagunak dira
Han eta hemen arakatu arren, errealitatea da oraindik zaila dela Hegoaldeko udalerrietan pandemian zehar izandako heriotza tasen inguruko datuak eskuratzea. Osakidetzak ez du informazio hori eskaintzen, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Eustatek, ezta Espainiako Estatistika Institutuak ere. Eta Donostiako Udalari galdetuta ere erantzuna berdina da: “Ez”.
COVID-19ak herritarren heriotza tasan izan duen eragina irudikatzeko tresna eraginkorrena Espainiako Epidemiologia Zentroaren MoMo sistema da. Tresna honek epe jakin bateko heriotzen kopurua aurreko urteetan epe berean zehar jasotako heriotzen batezbestekoarekin konparatzen du. Eta, horri esker, lurralde batean dena delako arrazoi batengatik heriotzen kopurua ohikoa baino gehiago hazten bada, fenomenoa epe horri dagokion grafikan argi eta garbi islatuta geratzea lortzen dute.
Zoritxarrez, orain arte, MoMo sistemak argitaratzen dituen datuak erkidegoetara mugatu dira, eta egoera horretan, birusak Donostian eragin dituen heriotzen kopuruari buruz aurreratu daiteken gauza bakarra osasun langileen estimazioak dira.
Oraindik horri buruz zehaztasunez hitz egiteko garaiz dela jakinik, Goikoetxeak bere iritzia plazaratu du: ”Hiriko datuak ez dira esperotako heriotza tasaren oso gainetik ibili, birusaren hilkortasun maila handiena berezko hilkortasun maila altua dutenen artean egon delako, batik bat adinduengan eta aurretik patologia bat zutenengan, hain zuzen”. Are gehiago: birusarekin kontaktuan edo gaixo egon direnen hiritar guztien arteko hilkortasuna %1ekoa baino txikiagoa izan dela ondorioztatu du.
Osasun sistema “fidagarria”
Azken hilabetetako enbata baretu delarik, Donostialdeko ESIko arduradunek uste dute agerian geratu dela hiriko eta Euskal Herriko osasun sistemak ongi antolatuta daudela, eta birusaren berrindartze posible bati begira horrek “fidakor” sentiarazten dituela adierazi dute.
Goikoetxeak azaldu du asteotan osasun zentroek eta zentro soziosanitarioek koordinazio lanak egin dituztela, eta anbulatorioen funtzionamendua egokia izan dela berretsi du. Gainera, COVID-19aren pazienteen artatzea bestelako gaixotasunak edo arazoak zituztenenarekin batera kudeatzeko gai izan direla azpimarratu du: “Birusa izatearen susmoarekin iristen zitzaizkigun pazienteek zirkuitu jakin bat jarraitu dute, arreta behar zuten gainerako gaixoengandik aldenduta, eta horrek balio izan digu guztiei beharrezkoa zuten espazioa eta pertsonala eskaintzeko”.
Hain zuzen, izandako antolaketari esker Donostia Ospitaleak kolapsorako arriskurik izan ez duela nabarmendu du Osakidetzako arduradunak, eta osasun langileak”erantzun on bat” emateko gai izan direla ondorioztatu du. Dena den, pandemian zehar egoera kontrolpean mantendu izana herritarren meritua ere izan dela gogoratu du: “Asteotan beldurrarekin bizitzen aritu garen arren, herritarrek hiriko osasun baliabideen erabilera arduratsu bat egin dute”.