'Gaur gurian' umorezko saioaren seigarren atala ikusgai dago
Konfinamendu bete-betean sortu zuten Ander Edok eta Eneko Sanchezek Gaur gurian umorezko saioa, eta atzo, seigarren atala argitaratu zuten euren Youtube kanalean: Anormaltasun berria.
Berrian egindako elkarrizketa batean azaldutakoaren arabera, Donejakue bidea egiten ari zirela hainbat esketx grabatu zituzten bideoan, eta Facebookera igo zituzten. Ondoren, Youtubeko kanal bat sortu zuten, eta Gaur gurian saioa sortu zuten. Sutan Bang kolektiboko kideak dira biak. “Argi genuen ondo pasatzeko eta gure komunitate txikian partekatzeko kontu bat zela hau. Konfinamendu sasoian, Interneteko saio hau aitzakia bat izaten ari da gu elkartzeko. Etorkizunean ez dakigu nondik joko dugun, jarraituko dugun ala ez”, adierazi zuten euskarazko hedabidean.
Era berean, Sanchezek okindegi handi baten mantentze lanetan egiten du lan, eta Edo irakaskuntzan aritzen da. Bigarrena IRUTXULKO HITZAko kolaboratzailea da hilabetero, eta gainera, umorezko eta haurrentzako ikuskizunak ere egiten ditu. Esaterako, Donostia Kulturak konfinamendu garaian Internet bidez antolatu dituen Ipuinaren ordua egitasmoan parte hartu du, eta umeentzat ipuin kontalari lanetan aritu da.