Gipuzkoako hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasiko da
Donostiako hondartzetan astelehenetik eguzkia hartu eta bainatu daiteke, baina Kontxako hondartzako sarbideak mugatu egin dituzte. Era berean, uztailaren 1ean hasiko da hondartza denboraldia, hainbat murrizketa direla medio.
Gipuzkoako hondartza denboraldia uztailaren 1ean hasteko erabakia hartu dute aldundiak eta kostaldeko herriek. Denboraldia uztailaren 1ean hasiko den arren, ekainaren 15etik aurrera sorosle zerbitzua bermatuko dute. Era berean, murrizketak izango ditu aurtengo hondartza denboraldiak, eta Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuaren arabera, kostaldeko herri guztien “adostasunez” hartu dituzte erabakiak. Marisol Garmendia Espazio Publikoetako zinegotzia joan da Donostiaren izenean bilerara.
Hartuko dituzten neurrien artean, Asensiok nabarmendu du koronabirusaren sintomak izanez gero, herritarrek ez dutela hondartzetara joan behar, eta hondartzetan ezin izango dela bi edo hiru ordu baino gehiago egon, gainontzeko herritarrek ere gozatzeko aukera izan dezaten. Bestalde, hondartzetako sarbideetan egon daitezkeen aldaketak errespetatu beharko dira –Kontxan hainbat egokitzapen egin dituzte sarbideetan–, baita eskuak garbitu eta sorosleen eta salbamendu zerbitzuen gomendio eta aginduak bete ere. Era berean, ez da ur iturririk izango, ezin izango dira toallak partekatu eta ez da gomendagarria haurrentzako jolas guneak erabiltzea. Herritarrei arduraz jokatzeko eskatu die Asensiok, COVID-19aren hedapena ekiditeko. Horretaz gain, azaldu du garbiketa eta desinfekzio ugari egingo dituztela hondartzetako ekipamenduetan.
Donostian, joan den astean iragarri zuten moduan, Kontxako hondartza itxi egingo dute itsasgoran, eta ez da gomendagarria bi ordu lehenago eta bi ordu beranduago joatea. Era berean, Cervantes plazan dagoen arrapalatik hondartzara sartu eta irten daiteke baina Erlojuetan dauden arrapalei dagokienez, udaletxeko norabidean dagoena Kontxan sartzeko da soilik, eta Ondarretako norabidean dagoena, aldiz, irteteko. Hondartza osoan irekita dauden eskailera bakarrak Eguzki klubaren parekoak dira. Ondarretan eta Zurriolan, ordea, sarbide guztiak irekita daude eta ez dago erabiltzaileentzako aparteko gomendiorik, garbitasun eta segurtasun neurriak betetzeaz gain.
Hauek dira aste honetako Kontxako hondartzako ordutegiak eta gomendioak:
Astelehena, maiatzak 25
Lehenengo itsasgora: 06:56 (ez egoteko gomendioa 04:56etatik 08:56etara).
Bigarren itsasgora: 19:09 (ez egoteko gomendioa 17:09etatik 21:09etara).
Asteartea, maiatzak 26
Lehenengo itsasgora: 07:38 (ez egoteko gomendioa 05:38etatik 09:38etara).
Bigarren itsasgora: 19:50 (ez egoteko gomendioa 17:50etatik 21:50etara).
Asteazkena, maiatzak 27
Lehenengo itsasgora: 08:24 (ez egoteko gomendioa 06:24etatik 10:24etara).
Bigarren itsasgora: 20:38 (ez egoteko gomendioa 18:38etatik 22:38etara).
Osteguna, maiatzak 28
Lehenengo itsasgora: 09:18 (ez egoteko gomendioa 07:18etatik 11:18etara).
Bigarren itsasgora: 21:34 (ez egoteko gomendioa 19:34etatik 23:34etara).
Ostirala, maiatzak 29
Lehenengo itsasgora: 10:20 (ez egoteko gomendioa 08:20etatik 12:20etara).
Bigarren itsasgora: 22:39 (ez egoteko gomendioa 20:39etatik 0:39etara).
Larunbata, maiatzak 30
Lehenengo itsasgora: 11:28 (ez egoteko gomendioa 09:28etatik 13:28etara).
Bigarren itsasgora: 23:50 (ez egoteko gomendioa 21:50etatik 1:50etara).