Maileguak egin eta materiala itzuli ahal izango da Ubiken ekainaren 2tik aurrera
Tabakalerak astelehenean zabalduko ditu berriro ateak eta aurrez aurreko jarduerari ekingo diote zentroko atal desberdinek. Ubik sorkuntza liburutegia izango da horietako bat. Ekainaren 2an irekiko da, baina liburutegiko aldizkariak, bideo-jokoak, filmak, liburuak, diskoak eta abar mailegatu eta itzultzeko soilik erabili ahal izango da liburutegia. Jolasak, argazki-kamerak, bideo-kamerak, grabagailuak eta abar itzuli ahal izango dira, baina ez mailegatu.
Maileguak egiteko, Tabakalera txartela aurkeztea derrigorrezkoa da, baita eskatu nahi den liburua, bideo-jokoa edo bestelako materiala aurrez erreserbatzea ere. Erreserbak Ubikeko katalogoan, ubik@tabakalera.eus posta elektronikoan edota 943475050 telefono zenbaki bitartez egin daitezke, eta liburutegiko sarrera nagusian jaso ahal izango dira. Itzulketak ere Ubikeko sarreran egiteko aukera dago, baita 0 solairuko plazan kokatutako entrega-gunean ere. Material guztia berrogeialdian jarriko da berriro mailegatzeko aukera izan aurretik. Gainera, Tabakalerara joan ezin duten erabiltzaileek materiala mailegatu eta postaz jaso edo itzultzeko aukera izango dute.
Bestalde, ikerketan interesa duten erabiltzaileentzat aholkularitza, jarraipen eta bitartekaritza-lan zerbitzuak itzuliko dira, betiere liburutegiko esparruei lotutakoa bada, alegia, Arte Ederrak, Pentsamendu Garaikidea, Artearen Historia, Kultura Digitala, Arkitektura edo Ikus-entzunezkoei lotutakoa. Ikerketa-laguntza jasotzeko aurretiko hitzordua eskatzea derrigorrezkoa izango da lotura honen bitartez.
Liburutegiak ondorengo ordutegia izango du: asteartetik larunbatera 10:00etatik 20:00etara, eta igande eta jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara
Liburutegiko espazioak ekainaren 16 zabalduko dira
Erabiltzaileek Ubikeko espazioak erabili ahal izateko ekainaren 16ra arte itxaron beharko dute, eta betiere segurtasun neurriak bermatuz irekiko dira, besteak beste, edukierak murriztuz. Derrigorrezkoa izango da maskarak erabiltzea. Norberak kontsultatzeko eta automaileguko zerbitzua ere berriro jarriko da martxan, horretarako dauden makinen bitartez, eta garbitasun neurriak bete beharko dira. Familientzat lau gune berezi ezarriko dira, baina soilik familia bereko kideek ahalko dute elkartu horietan aldiro, eta liburutegiko jokoen erabilera mugatuko da, baina etxetik jokoak ekartzeko aukera eskaintzen da. Edizio-postuak ere erdira murriztuko dira eta norberaren entzungailuak erabiltzea gomendatuko da, nahiz eta erabilera bakarreko entzungailuak ere eskainiko diren liburutegian. Bestalde, Ubikeko, Egongelako eta 2. solairuko mahaien artean segurtasun distantzia egotea bermatuko da.