Pilotalekuak eta padel pistak bihar zabalduko dira
Auzoetako frontoietan eta padel pistetan kirola egiteko aukera izango da bihartik aurrera. Izan ere, udalak jakinarazi du udal kirol instalazio horiek ireki egingo dituela bihartik aurrera, bigarren faseak hainbat instalazio irekitzea onesten baitu.
Pilotalekuei dagokienez, estaliak zein estali gabeak irekiko dira. Gehienez lau pertsonako talde batek jokatu ahal izango du aldiro, eta talde bakoitzak asko jota ordubete izango du frontoia erabiltzeko. Dena den, pilotalekuak erabiltzeko ez da aurretik hitzordua eskatu beharko. Hori dela eta, erabilera arduratsua egiteko eskatu die udalak erabiltzaileei.
Padel pistak erabiltzeko, aldiz, aurretik hitzordua eskatu beharko da. Etxadiko pistak erabiltzeko, erreserba udal instalazioko webgunean egin behar da; Mons, Tenis Ondarreta eta Loiolako Erriberako pistetan jokatzeko, aldiz, instalazio horiek kudeatzen dituzten erakunde pribatuekin hitz egin behar da hitzordua eskatzeko. Binakako partidak jokatzeko aukera dago.
Bestalde, Miniestadioa gaur arratsaldean irekiko dute. Aurretik hitzordua duten atleta federatuek erabili ahal izango dute soilik, eta Gipuzkoako Atletismo Federazioak kudeatuko du.
Gainontzeko kirol espazioei dagokienez, ondo bidean, gimnasioak ekainaren 8an irekiko dira, baina aurretiko hitzordua eskatu beharko da.