Txomiñeneko alokairuko 162 etxebizitzen baremazio prozesuaren behin-behineko emaitzak eman ditu udalak
Donostiako Etxegintzak gaur argitaratu du baremazio prozesuaren behin-behineko emaitza Txominenean 162 alokairuko etxebizitza esleitzeko. Zerrendak kontsultatzeko, eskaera egin duten pertsona guztiek mezu bat jasoko dutela jakinarazi dute, prozesuan eman zuten telefono zenbakian edo posta elektronikoan. Mezuan esteka bat izango dute, bakoitzaren egoera zein puntuazioa kontsultatu ahal izateko; horretarako, norberaren NAN edo AIZ zenbakia sartu beharko da, mezuan emandako pasahitzarekin batera.
Argitaratutako datuetan, eskatzailea prozesuan onartua izan den ala ez agertuko da, eta onartua izan bada, egokitu zaion eskatzaile taldea eta jaso duen puntuazioa jakinaraziko zaizkio.
Orotara, 7.253 eskaera onartu ditu Donostiako Etxegintzak, eta horiek bederatzi eskatzaile taldetan sailkatu dituzte. Horietatik ia erdia “orokorrak” taldean sartzen dira, zehazki, 3.475. Bigarren talde handiena emantzipazioa bilatzen dutenek osatzen dute, alegia, 1.532 eskatzailek. Onartutako eskaera kopuru handienetik txikienera ordenatuta, gainerako taldeak eta bakoitzean onartutako eskaerak dira: guraso bakarrekoak (781), pentsiodun edo 65 urtetik gorako pertsonak (443), etxebizitza partekatzeko (300), desgaitasun intelektuala (284), mugikortasun urriko pertsonak (191), genero indarkeria (142) eta familia anitza (105).
Hamar egun alegazioak jartzeko
Urtarrilean amaitu zen eskaerak egiteko epea, eta Nekane Arzallus Hirigintza Zinegotziaren hitzetan, prozesua espero baino gehiago atzeratu da. Baremazioak argitaratu ondoren, ekaina hasieran hamar eguneko epea izango dute eskatzaileek alegazioak jartzeko. Donostiako Etxegintzako Administrazio Kontseiluak alegazioak entzun ondoren argitaratuko dute behin betiko zerrenda. Dena den, oraindik ez dute data zehaztu.
Donostiako Etxegintzaren arreta zerbitzuaren bulegoak bihar, maiatzaren 26ean, irekiko dituzte berriro, beti ere, aldez aurretik eskatutako arreta egiteko. Horretarako, aurrez aurreko arreta jaso nahi duten pertsonek gaurtik aurrera hitzordua eskatu beharko dute, telefonoz (943-48 17 65), edo Donostiako Udalaren webgunearen bitartez.
Hitzordu bakoitzak hamabost minutuko iraupena izango duela jakinarazi du udalak; hitzordu bakoitzeko pertsona bakarra joan ahal izango da, mendeko pertsonak salbuetsita, eta maskara eramatea ezinbestekoa izango da.