Zinemaldiak bi 'work in progress' berri sortu ditu: WIP Latam eta WIP Europa
Donostiako Zinemaldiak WIP Latam eta WIP Europa work in progress-ak sortu ditu Latinoamerikako eta Europako filmen postprodukziorako. Bi programetako izen-ematea ekainaren 1ean irekiko dute, eta hilabete egongo da zabalik. Hautatuko filmei postprodukziorako baliabideak emateaz gain, banatzaileei, salmenta agenteei eta ekoizleei aurkeztuko dizkie jaialdiak, nazioartean ere banatzeko helburuarekin.
WIP Latam Latinoamerikako filmentzako da, eta Zinema Eraikitzen programa ordezkatuko du. Sei film hautatuko dituzte work in progress-ean parte hartzeko, eta postprodukzioa lantzeko laguntza jasoko du Zinemaldiaren eta Ad Hoc Studios, Deluxe, Dolby, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones eta No Problem Sonido enpresa kolaboratzaileen eskutik. Era berean, film irabazleak 30.000 euroko saria jasoko du, EGEDA Ikus-entzunezko Produktoreentzako Zerbitzuen Sozietatearen eskutik.
WIP Europak ere sei film hautatuko ditu gehienez, baina izenak berak dioen moduan, europarrak izango dira. Glocal In Progress programaren ondorengoa da WIP Europa, eta hautaketa egiterakoan, aintzat hartuko dute egilearen lehen edo bigarren lana izatea eta hizkuntza ez hegemonikoren batean filmatuta egotea.
Berregituraketa
Horrela, Zinemaldia hiru arlotan egituratuko da hemendik aurrera: filmak hautatu eta eskaintzen dituen arloa, proiektuak eta garapen prozesuan dauden filmak sustatzen dituen arloa (Films-to-Be egitasmoa) eta industria, sormen eta prestakuntzaren ikuspegitik zinemari buruz hausnartzeko arloa (Pentsamendua eta eztabaida egitasmoa).