Donostia Market Plaza plataforma abiarazi du udalak, merkataritza eta ostalaritza txikia laguntzeko
Normaltasunera itzultzeko prozesuan, Donostiako merkataritzaren jarduera gora doa, eta udalak Donostia Market Plaza plataforma abiarazi du, saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiak laguntzeko helburuarekin. Duela hilabete inguru aurkeztu zuten plan ekonomikoaren bigarren zatia da Donostia Market Plaza egitasmoa, hamar langile baino gutxiagoko establezimenduak diruz lagundu ondoren. Eneko Goia alkatearen arabera, “oso harrera ona” izan du diru-laguntzen faseak.
49 langiletik beherako saltokiak eta ostalaritza establezimenduak –ez ditu frankiziak onartzen– biltzen ditu plataformak, eta gaur egun 362 establezimenduk egin dute bat egitasmoarekin. Hala ere, Goiak nabarmendu du establezimendu gehiago izatea nahi dutela, eta komunikazio kanpaina bat egingo dutela adierazi du, egitasmoa ezagutzera emateko. Era berean, alkatearen arabera, merkataritza elkarteekin lankidetzan garatu dute Donostia Market Plaza, eta herritarren konpromisoa beharrezkoa dela azpimarratu du: “Plataforma baliabide bat baino ez da. Ez dugu gertuko saltokirik gabeko hiri bat nahi, ezta kale hutsak nahi ere; horretarako, herritar guztien konpromisoa behar da”.
Enrique Ramosek, Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak, merkataritzak Donostian duen garrantzia azpimarratu du, BPGaren %8,5 hartzen duela eta 8.000 lanpostu inguru dituela nabarmendu azalduz, eta Donostia merkataritza tradizio handiko hiria dela gogoratu du. Ramosek azaldu du plataformaren “pertsiana birtuala” ireki dutela dagoeneko, eta asteazkenean kontsumo bonuak jarriko dituztela salgai. Guztira 28.960 kontsumo bonu jarriko dituzte, eta bakoitzak hogei euroko balioa izango du. Bezeroek, ordea, hamalau euro ordainduko dituzte, beste sei euroak Donostiako Sustapenak jarriko dituelarik.
Horrela, eskuratu nahi den produktu mota aukeratu daiteke webgunean, baita auzoaren arabera ere iragazi ere; hautatutako irizpideak betetzen dituzten saltokiak agertuko dira ondoren, eta orduan eskuratuko dira kontsumo bonuak. Herritar bakoitzak gehienez bost bonu ahalko ditu erosi, eta, asko jota, 80 bonu izango dira establezimendu bakoitzeko. Bonuak erosita, euskarri fisikoan edo digitalean eraman behar dira dagozkien saltokira, eta 2021eko martxoaren 14ra arte erabili ahalko dira.
Etxez etxeko zerbitzua
Saltokiek eta ostalaritza establezimenduek euren produktuak eskaintzeaz gain, etxez etxeko banaketa zerbitzua ere eskainiko dute Donostia Market Plaza plataforman. 362 establezimendu horietatik, 100 inguruk eskaintzen dute zerbitzua, eta etxez etxeko banaketa bakoitzak bere kabuz egin behar badu ere, udalak banaketa bakoitzeko lau euro ordaindu dizkie establezimenduei. Hala ere, alkateak adierazi du agian udalak kudeatu dezakeela banaketa zerbitzua etorkizunean. Era berean, Ramosek nabarmendu du Donostia Market Plaza larrialdi egoera batean sortu dutela, baina epe ertain eta luzera mantentzeko helburua dutela.