Donostian 49 pertsona hil dira koronabirusarekin pandemia hasi zenetik
Donostia konfinamendua arintzeko bigarren fasean dagoen honetan, koronabirusaren datuak apaldu egin dira, eta pandemia hasi zenetik hirian izandako hildako kopurua eman du udalak. Eneko Goia alkateak azaldu duenez, 49 pertsona hil dira Donostian COVID-19a dela eta, udalaren datuen arabera. “Gure oroimena” beraiekin dago, gaineratu du Goiak.
Udalean ere normaltasunerantz
Koronabirusaren eraginekin jarraituz, Donostiako Udalaren 1.518 langileetako 620, orain arte, etxetik lan egiten aritu direla adierazi du alkateak. Astelehenean, ordea, udal zerbitzu guztietako arreta presentziala itzuli zen –aurretiko hitzordua eskatu behar da 010 telefono zenbakira deituta edo udalaren webgunearen bitartez–, eta 340 langilek telelana utzi dute. 280 langile etxetik ari dira lanean oraidik, baina Goiak nabarmendu du aurreikusi dutela astebeteko edo bi asteko epean langile gehienek telelana uztea.