Espainiako Gobernuak hondartzetako edukiera kalkulatzeko ezarritako irizpideak salatu ditu Ostalaritza Elkarteak
Hilaren 23ko Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) konfinamendua arintzeko hurrengo faseetan hondartzetako edukiera kalkulatzeko irizpideak jaso zituen, eta Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak, Santiagoko (Galizia), A Coruñako (Galizia), Lugoko (Galizia), Kantabriako eta Bizkaiko ostalaritza eta turismo elkarteekin batera, irizpide horiek salatu dituzte, euren arabera, Espainiako Estatuko iparraldeko hondartza asko erabili ezin izatea eragin dezaketelako.
Izan ere, EAO-ean jasotako irizpideen arabera, hondartzetako edukiera kalkulatzeko, sei metro deskontatu behar dira itsasertzetik hasita. Salatzaileen ustez, erabaki horrek ez ditu Ozeano Atlantikoko eta Kantauri Itsasoko mareen ezaugarriak aintzat hartzen, ez baitira Mediterraneokoen berdinak; irizpideak aplikatuz gero, “hondartza askotan edukiera zero izango litzateke”. Era berean, nabarmendu dute hondartzetako edukiera udalek zehaztu behar dutela, hondartza bakoitzaren ezaugarriak aintzat hartuta.
Horregatik, Espainiako Gobernuari eskatu diote irizpide horiek berrikusteko, eta gainontzeko eragileekin adostutako irizpide berriak ezartzeko. Era berean, EAEko kostaldeko udal guztiei eskatu diete euren salaketarekin bat egiteko eta egoeraren diagnostikoa egiteko, “bai egoiliarrek bai turistek hondartzak ahalik eta lasterren erabil ditzaten”.