'Orain ardura' egitasmoa aurkeztu dute Hego Euskal Herriko eragile ugarik
AHTaren proiektua bertan behera uzteko eskatu diete erakunde arduradunei, eta horretara bideratutako inbertsio osoa pertsonen bizi baldintzak bermatzeko "premiazkoak" diren alorretara bideratzeko exijitu dute.
COVID-19aren pandemiak eragindako egoeraren aurrean Hego Euskal Herriko eragile sozial, politiko eta sindikal ugarik bat egin dute, Orain ardura egitasmoa sortzeko. Gaur goizean aurkeztu dute Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean proiektua.
Gurean, Altzako Berra zaharren egoitzan egin dute agerraldia, segurtasun neurriak errespetatuz, egitasmoarekin bat egin duten hainbat eragiletako ordezkariek; egitasmoa aurkezteko plazaratu duten manifestuaren irakurketa egin dute. “Donostian Berra egoitzaren atarian elkartu gara, zoritxarrez, azken pandemia honekin argitu den errealitatearen adibiderik gordinetako bat baita”, azaldu dute.
AHTa gelditzeko eskaera
Abiadura Handiko Trenaren eta Hegoaldeko tren-saihesbidearen aurkako herri mugimenduek bultzatu dute Orain ardura, eta helburua da gaur egungo egoeraren aurrean, agintari eta erakundeak interpelatzea, “arduraz” jokatzeko eskatzeko. Horrela, egin dieten eskaera nagusia izan da baliabideak erabil ditzatela pertsonen osasuna eta bizi baldintzak bermatzeko. “Gure inguruko herrialde gehienetan, diru publikoaren kudeaketak nolabaiteko logika soziala izan duen bitartean, Espainiako Estatua aireportuak, autobideak, eta nola ez, milaka milioi balio duten abiadura handiko trenak izateaz harro agertu da”, kritikatu dute.
Idatzi duten manifestuan AHTaren proiektua bertan behera uzteko eskatu diete erakunde arduradunei, baita neurri horretako azpiegiturak ere. Era berean, horietara bideratutako inbertsio osoa pertsonen bizi baldintzak bermatzeko “premiazkoak” diren alorretara bideratzeko exijitu dute, eta aipatutako esparru horiek izendatu dituzte: “Nahikoa langile eta baliabide dituen osasun publiko bat; adinekoen, mendekoen eta horiek zaintzen dituzten pertsonen zaintza; pentsio duinak; guztientzako oinarrizko diru sarrerak; kalitatezko hezkuntza publikoa; euskararen sustapena; elikadura burujabetzaren aldeko hautua; kalitatezko zerbitzu sozialak; zaintzen aitorpena; COVID-19aren krisiak gogor kolpatu dituen sektoreez bizi diren pertsonen babesa, esaterako, saltoki txikiak eta kulturgileak; eta abar”.
“Azken finean, aurrez aurre dugun krisi ekologiko eta soziala kontuan izango dituen eredu ekonomiko berrien beharra dugu”, laburbildu dute amaitzeko.