Presoen segurtasuna bermatzeko eskaera aurkeztuko dute Donostiako Udalbatzako hainbat taldek ostegunean
Ostegunean Udalbatzarra itzuliko da Donostiako Udaletxera. Honen baitan eztabaidatzeko erakunde adierazpen bat prestatu dute Donostiako Udalbatzako EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Donostia taldeetako bozeramaileek sinatutakoa. Adierazpenean, Espainiako Gobernuari eskatzen zaio espetxeetan dauden presoen segurtasuna bermatzeko hainbat neurri bete ditzan. Besteak beste, COVID-19ko arrisku taldea osatzen duten presoak kartzeletatik ateratzea, edo zigorraren hiru laurdenak bete dituzten presoek konfinamendua etxeetan bete ahal izatea, betiere berrerotzeko arriskurik ez eta/edo gizarteratzearen aldeko pronostikoa badute. Bestalde, presoen segurtasuna eta babes-neurriak bermatzeko beharrezkoa den koordinazioa ere eskatu dute, eta pandemiaren inguruko informazioa jasotzeko aukera izan dezaten. Gainera, normaltasunerako itzuleran familiekin eta abokatuekin zuzeneko komunikaziora itzulketa errazteko eskatzen du adierazpenak.
Euren eskakizunaren oinarrian nazioarteko hainbat erakundek egindako gomendioak daude, pandemiak sortutako egoera dela eta “neurri espezifikoak” hartzera eskatzen dutenak. “Egiaztatu dugu Europako zenbait estatuk ildo horretako neurriak hartu dituztela edo diseinatzen ari direla”. Espainiako Gobernuko Barne Ministerioak ere hainbat neurri iragarri ditu hirugarren graduan dauden eta gaua espetxean igaro behar duten pertsoneek kartzelara itzultzeko beharrik izan ez dezaten bermatzen duena, baina 3.000 presori bakarrik eragingo die.