Sarean da 'Plazaberritik' irratsaioaren laugarren saioa
Entzungai dago Egiako zaintza sareak konfinamendu garaian sortu duen Plazaberritik irratsaioaren laugarren atala. Elene Lopetegi eta Maddi Gallastegi Egiako bizilagunak dira saioaren esatariak, baina horren atzean, auzoko pertsona gehiago daude.
Laugarren saioan, etxebizitzaren inguruko arazoak ardatz hartuta, Atano III.ean lanean ari den Eli, eta Maizterren Sindikatuko Oihana elkarrizketatu dituzte. Kultur atalean, berriz, Kattalin Miner idazle eta kazetariaren literatur gomendioa jaso dute. Aste honetan, tamalez, Mitxeliñak sukaldaritza atalean ez dute gonbidaturik izan.
Irratsaioaren lau saioak entzuteko hainbat modu daude: alde batetik, Interneten, Ivoox plataforman dago entzungai; bestetik, Telegrameko Plazaberritik kanalean aurkitu daitezke denak; eta, azkenik, ostegunetan Ttan Ttakun irratian emango dute irratsaioa.
Joan den ostiraleko astekarian, IRUTXULOKO HITZAk Maddi Gallastegi eta Elene Lopetegi esatariak elkarrizketatu zituen, irratsaioaren nondik norakoak ezagutzeko.