Zinemaldiarekin elkarlanean sortutako Youtube bidezko zinema-jaialdia hasiko da ostiralean
Tribeca Enterprisesek eta YouTubek We are one: a global film festival online zinema jaialdia antolatu dute mundu osoko hainbat zinema-jaialdi ospetsurekin elkarlanean, besteak beste, Zinemaldiarekin. Jaialdia ostiralean hasiko da, maiatzaren 29an, eta ekainaren 7an amaituko da.
Guztira, 35 herrialdetako 100 film baino gehiago eskainiko ditu festibalak, eta Zinemalditik azpimarratu dutenez, “aldaketak eragiteko ahalmena duten filmak nabarmenduko ditu”. Horietatik gehienak film laburrak izango dira —57 fikziozko eta hamabost dokumental—. 31 film ere eskainiko dira, zehazki, fikzioko 23 eta zortzi dokumental. Bestalde, artxibategietako hamabost solasaldi ere eskainiko dituzte, eta beste lau solasaldi esklusibo ere. Errealitate birtualeko bost pieza ere eskainiko dituzte. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Ricky Powell: The Individualist kaleko argazkilariaren inguruko dokumentala, Mumbaiko zinema jaialdian Young Critics Choice saria eraman zuen Eeb Allay Ooo! filmaren ‘online’ estreinaldia, eta Jenny Lang Ping Txinako boleibolaren izar olinpikoari buruzko Iron Hammer dokumentala.
Bestalde, sail desberdinetan honen antolaketan aritu diren zinema jaialdien berezitasunak azpimarratu nahi ditu. Jaialdirako Donostiako Zinemalditik hautatutako piezak hiru dira, horietako bi euskal kulturari lotutakoak: Isaki Lacuestaren Los pasos dobles / The Double Steps —Oinkada bikoitzak— film luzea, Urrezko Maskorra irabazi zuena 2011. urtean; Telmo Esnalen Dantza (2018); eta Felipe Ugarte eta Juantxo Sardonen Mugaritz BSO (2011).
Jaialdi guztia lotura honen bitartez jarraitu daiteke. Hor kontsultatu daiteke gainera kartelera osoa, baita ordutegiak ere.