Ehunek saltoki txikien aldeko ekimen bat egingo du Antiguan larunbatean

Euskal Errepublikaren aldeko Ehun mugimenduak saltoki txikien aldeko ekimen bat egingo du larunbatean Antiguan, Auzoan bizi, auzoan erosi. Euskal Errepublika lelopean. Gaskonia plazan ipiniko duten karpa batekin, herritarrei auzoko merkataritza sustatzeko beharra gogoratuko diete, sistemaren “konponbide estrukturala Euskal Errepublikan bakarrik izango dela posible” azpimarratuz.
Ekimena 12:00etatik 15:00etara bitarte egingo dute, eta, besteak beste, eskuorriak banatuko dituzte saltokiek bizi duten egoera zailari buruz hausnartzera gonbidatzeko. Orri horietan, era berean, auzoko dendetan eskaintzen diren produktu eta zerbitzuen zerrenda bat ageriko da, Antiguatik atera gabe eta bertako ekonomiari lagunduz eskuratu daitezkeen gauzen berri emateko.
Bestalde, plaza musikarekin eta dendariek grabatutako mezuekin girotuko dute, eta bertako kontsumoaren aldeko poltsak salduko dituzte ere.