Erraustegiaren isurketa batek kaltetutako erreka "lehengoratzeko" eskatu diote udalari

Joan den maiatzaren 9an hainbat eragilek salatutakoaren arabera, Zubietako erraustegiaren alboko Arkaitzerreka eta Lizardi erreketako arrain gehienak hilik agertu ziren. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren arabera, hildako arrainak ehunka ziren, eta gaineratu zuten erreka “hilda” zegoela; plataformako kideek Zubietako azpiegitura seinalatu zuten gaitz honen eragile gisa.
Gertakaria salatu eta egun batzuk beranduago, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak zigor espedientea ireki zion Ekondakini, erraustegiko enpresa kudeatzaileari. GHK-k azaldutakoaren arabera, hilaren 7an “erraustegitik kanpoko” kamioi bat deskarga bat egiten ari zenean uretara egindako amoniako isurketa baten berri eman zion Ekondakinek; hain zuzen, uste dute isurketa hori izan zela arrainen heriotzaren arrazoia.
Bestalde, GHK-k zigor espedientea ireki eta egun batzuk geroago, Eguzki, Anerreka eta Zubieta Lantzen talde ekologistek Gipuzkoako Ingurumeneko Fiskaltzari eskatu zioten Zubietako erraustegitik hurbil dagoen Arkaitzerreka errekastoan izandako isuria ikertzeko. Era berean, Gipuzkoako Hondakinen Patzuergoaren (GHK), erraustegiaren arduradunaren, gardentasun falta salatu zuten ekologistek.
Donostiako Udalari eskaera
Orain, Eguzki talde ekologistak Donostiako Udalari eskatu dio “beste aldera begiratzeari uzteko”, eta maiatzaren hasieran izandako isurketa “kutsakorraren” ondorioz “zeharo erreta” geratu zen errekaren lehengoratze lanak sustatzeko.
Hain zuzen, talde ekologistak argudiatu du Arkaitzerreka “ia oso-osorik” Donostiako lurretan dagoela, Oriarekin bat egin duen azken zatian izan ezik. Halaber, gogoratu dute erraustegia izan zela isurketaren abiapuntua, eta hori ere Donostiako udalerrian dagoela.
Eguzkik zabaldu duen oharrean, isurketak eragindako kezkaren ondorioz, eragile eta erakunde ugari mobilizatu direla azaldu dute: “Isurketaren larria ikusita, mobilizatu zitezkeen eragile guztiak mobilizatu dira. Bai URAk bai Aldundiko Basozaintzak espediente bana ireki dituzte; Usurbilgo Udalak hasiera-hasieratik jarraipena egin, eta laginak ere bere kabuz hartu eta aztertu zituen; Fiskaltzak gaia mahai gainean du, Anerreka, Zubieta Lantzen eta Eguzkiren ekimenez, isurketa ingurumenaren aurkako delitua izan daitekeelako”.
Horrela, salatu dute Donostiako Udalak ez duela gaiaren inguruan “ezer esan”, eta idatziz eskatu diote lan egin dezala “gertaerak argitzeko, erantzukizunak zehazteko, antzekorik berriro ez gertatzeko, eta batez ere, Arkaitzerrekaren lehengoratze lanetan modu proaktiboan jokatzeko”. Halaber, gogorarazi dute udalak badituela horretarako eskumenak.
Aingira, kaltetuena
Eguzkik nabarmendu du isurketaren ondorioz hainbat espezie kaltetu direla, eta horietako bat da aingira. Espezie horren populazioak “biziraupen-muga biologikoen azpitik” daudela ohartarazi dute, eta azaldu dute Europako Batasuneko 2007ko arau batek animalia hori babesten duela. Era berean, gogora ekarri dute Eusko Jaurlaritzak Aingira Suspertzeko Kudeaketa Plana jarri zuela indarrean 2010. urtean, eta Arkaitzerrekan gertatutakoak ez diola “batere mesederik” egiten plan horri.
GHK-ren jarrera gogor salatu du Eguzkik, izan ere, gertakaria argitara atera zenean, erakundeak isuria ukatu egin zuen. Honela adierazi du talde ekologistak: “Bietako bat: edo GHK hasieran isurketa ezkutatzen saiatu zen, eta hori oso larria litzateke; edo, sinetsi behar badiogu, astebete behar izan zuen isurketa latz baten erantzulea zela jabetzeko, eta hori aurrekoa bezain larria litzateke”.
Azkenik, kritikatu dute arrainak hilda ikusi zituzten pertsonen salaketarengatik ez balitz, isurketa “isilpean” geldituko litzatekeela.