Harrera Sareak antolatutako giza kateak aldundia, udaletxea eta Eusko Jaurlaritza lotu ditu
Hiritarron Harrera Sareak giza kate jendetsua egin du Erdialdean. Protestaren oinarria izan da 'Ez itzazue kalean' utzi manifestuan aldarrikatutakoa: Donostiako pertsona etxegabeek pandemian zehar jaso duten babesa ez erretiratzeko eskatu dute.

Hiritarron Harrera Sareak antolatutako giza katea gaur arratsaldean egin da. Parte hartzaile kopurua ez dute zehaztu saretik, baina Gipuzkoako Foru Aldundiko, Udaletxeko eta Eusko Jaurlaritzako egoitzak lotu dituzte parte hartzaileek.
Harrera Sareak 19:00tan Gipuzkoa plazan geratzeko deialdia zabaldu zuen eta handik hasi dute giza katea. Elkano kaletik pasa ondoren, Bulebarrean barrena pasa da, udaletxera iritsi arte. Ondoren, Hernani kaletik zabaldu da, Eusko Jaurlariko egoitzaraino, eta Andia kalean biratu dute berriz ere Gipuzkoa plazara iritsi arte. Giza katea osatzen zuten pertsona guztiek ibilbide osoa egin dute. Egitasmoa amaitzeko Ez itzazue kaleratu manifestua irakurri dute, 1.000 herritar eta 50 erakunde inguruk sinatu dutena.
Manifestua bultzatu eta katea antolatzeaz gain, Hiritarron Harrera Sareak mozio bat aurkeztu du Udalan, biharko Udalbatzarrean aztertu dadin. Besteak beste, eskatzen dute alarma egoeran kale egoeran zeuden pertsonentzat martxan jarritako behin behineko aterpetxeak mantentzea, behin betiko irtenbideak topatu bitartean, eta jantoki sozial publikoak sortzea. Era berean, behin betiko ekipamenduak, eta gizarte zerbitzu eta profesional taldeak indartzea eskatu dute mozioan.
Momentuz, erakundeek iragarri dute ekainaren 22an itxiko dituztela alarma egoeran zabaldutako aterpetxeak. Donostian Atano III. frontoia, Ubako eta Ondarretako aterpetxeak, eta Abegi Etxea izan dira irekitako egoitzak.