San Telmok ateak irekiko ditu asteartean

Asteartetik, ekainaren 2tik aurrera, San Telmo Museoak berriro ekingo dio aurrez aurreko jarduerei. Museoak edukierak mugatuz eta segurtasun neurriak bermatuz irekiko ditu ateak eta ohiko ordutegia izango du, alegia, 10:00etatik 20:00tara. Gainera, beti bezala astearteetan sarrera doakoa izateaz gain, igande arratsaldeetan ere museora musutruk sartzeko aukera eskainiko die San Telmok bisitariei.
Irekiera eta kultura kalera itzultzen dela ospatzeko, Koldobika Jauregi artistak aurrez aurreko instalazio artistikoa egingo du San Telmoko klaustroan 11:00etatik aurrera. Bestalde, martxoan zeuden erakusketak ikusteko aukera izango dute bisitariek, alegia, Antton Elizegiren argazki funtsa, SOS Arrazakeriak Gipuzkoarekin elkarlanean antolatutako Milaka eskuren isilpeko lana eta Deabrua Ote. Bruegeldarren mundua erakusketa. San Telmoko liburutegia ere kontsultatu ahal izango da, baita San Telmok osatutako argazki-bilduma liburua ere.
Hitzaldi eta solasaldiei dagokienez, momentuz online egiten jarraituko dira.
Urgulleko museoa itxita
San Telmo Museoak jarduerari berriro ekingo badio ere, Urgull Mendiko Hiri-Historia Museoak uda honetan ez ditu ateak irekiko, ezin baitira segurtasun neurriak bermatu. Dena den, Jon Insausti Kultura zinegotziak iragarri duenez, “Urgull mendiaren ondare historiko eta naturala” ezagutzeko mapa eta ibilbideak prestatzen ari dira, Urgullen “beste aurpegia” ezagutzeko aukera izateko.