Udal liburutegietan liburuak mailegatu eta itzuli ahal izango dira astelehetik aurrera

Udal liburutegiek ateak irekiko dituzte berriro astelehenean, ekainaren 1ean. Liburutegi Nagusia, haur liburutegiak eta auzoetakoak materiala mailegatu eta itzultzeko soilik erabili ahal izango dira. Okendokoa izango da irekiko ez den bakarra, aire girotua egokitzeko lanak egin behar baitituzte. Jon Insausti Kultura zinegotziak esan du abuztuan zabaltzea aurreikusten dutela. Bestetik, Martuteneko Amundarain mediateka bi aste barru zabalduko dute.
Liburuen mailegua modu telematikoan edo zuzenean aurrez aurre kudeatu daiteke. Lehenengo kasuan, donostiakoliburutegiak@donostia.eus posta elektronikora idatzi edo liburutegi bakoitzeko e-mail idatzi edo telefonora deitu behar da. Eskaera prest dagoenean, SMSa bidaliko zaie erabiltzaileei liburua hartzera pasatzeko. Bestalde, aurrez aurreko arretan, erabiltzaileek ezingo dute apalategietara gerturatu eta nahi duten materiala liburu zainari eskatu beharko diote, hark ekar dezan. Edozein kasutan, eskaerak modu telematikoan egin eta ondoren jasotzea, edo gutxienez katalogoa aurrez begiratzea gomendatzen dela esan dute Donostia Kulturatik.
Maileguak hartu eta itzultzeko zerbitzuaz haratago, momentuz liburutegiko gainontzeko zerbitzuak itxita jarraituko dute. Hitzaldi eta solasaldiei dagokienez, itxialdian bezala, online izaten jarraituko dute.
Ordutegiei dagokienez, momentuz ordutegi murriztuak eskainiko dituzte liburutegiek, nahiz eta Insaustik esan duen “eskaera ikusi ahala” egokitu daitezkeela horiek. Liburutegien ordutegiak lotura honetan ikus daitezke.