Udala koronabirusaren krisia "istripu bat balitz bezala" kudeatzen ari dela deritzo EH Bilduk

Donostiako udal gobernuak koronabirusaren krisiaren aurrean orain arte egindako kudeaketa aztertu du EH Bilduk, eta hainbat kritika plazaratu ditu. Hasteko, Eneko Goia alkatea buru duen udal gobernua krisia “istripu bat balitz bezala” kudeatzen ari dela nabarmendu du EH Bilduk, inguruko herriekin alderatuta, “berandu” erreakzionatu zuelako eta ez udalak ez zuelako egoeraren diagnostiko zuzena egin. Adibide gisa, TAO zerbitzuaren kasua jarri du oposizioko alderdiak: “Gasteizen baino hamabi egun beranduago kendu zen TAO hemen”.
Era berean, COVID-19ak jota hil edo gaixotu diren pertsonei eta euren senideei “besarkada bat” bidali die alderdiak, eta hiriko datuak eman ditu: “Udalaren datuen arabera, 49 pertsona hil dira Donostian COVID-19a dela eta. Bestetik, 800 positibo zenbatu dituzte orain arte, eta seroprebalentzia azterketako datuak estrapolatzen badira, 5.000 pertsona inguru kutsatu dira gure hirian”. Datuekin jarraituz, kutsatu kopuruan auzoen artean izandako desberdintasunak azpimarratu ditu EH Bilduk: “Pandemiaren aurretik, Donostiako auzoen arteko errenta-desberdintasunak agerikoak ziren eta badirudi horrek bere ondorioak izan dituela orain: Altzan, kutsadura-tasak erdialdeko auzoetakoa bikoiztu eta hirukoiztu egiten du. Aztertu beharko litzateke ze lotura duen fenomeno honek bertan bizi diren zaintza sektorearen langileekin, euren lan-baldintzekin, etxebizitzaren prezioarekin eta abar”.
EH Bilduren ustez, udalak ez zuen pandemiaren tamaina ondo diagnostikatu, baina herritarrak egoeraren larritasunaz jabetu ziren, eta hiri osoko 700 pertsonak auzo guztietako zaintza sareetan parte hartu dutela nabarmendu du alderdiak. Bestalde, Donostian koronabirusak eragindako krisi ekonomikoa “sakonagoa” izango dela uste du EH Bilduk, hiriak “nazioarteko turismoarekiko duen mendekotasunagatik”. “Langile asko birkokatu egin beharko dira, edo sektorean lana banatzeko planak ezarri. Edozein kasutan, turismoan oinarritutako hiri eredu bat zein ahula den frogatuta geratu da. Baina Eneko Goiaren Gobernua ez da oraindik jabetu edo ez du jabetu nahi. Halere, etorkizunari begira, beste sektore ekonomiko sendoagoak indartzea saihestezina izango da”, gaineratu du oposizioko alderdiak.
Udalak hiriko merkataritza eta ostalaritza txikia laguntzeko plan ekonomiko bat garatu badu ere, establezimenduei emandako diru laguntzak txikiegiak direla deritzo EH Bilduk: “Establezimendu bakoitzeko 680 euroko laguntzak oso urriak dira Errenterian edo Azpeitian adostutako 1.000 euro baino gehiagorekin alderatuz gero, herrialdearen bi adibide jartzeagatik. Eta Zorroaga Fundazioaren jabetzako lokalen kasuan, merkatariei alokairuak ez barkatzeko EAJk hartutako erabakiak agerian uzten du sektore horrekiko duen konpromiso maila”.
Mugikortasunaren arloan hartutako erabakiak ere kritikatu ditu koalizio abertzaleak, euren ustez “oso atzean” gelditu baita udal gobernua: “Orain arte 800 metro kaletan baino ez da zirkulazioaren abiadura maximoa hamar kilometro ordura mugatu (oinezkoak + bizikleta + autoak), eta Askatasunaren hiribideko errei bat birmoldatu dute autoek eta bizikletek partekatzeko. Hiriko erdigunera ibilgailu pribatuak iristearen aldeko apustua da oraindik ere udal gobernuaren lehentasuna”. Era berean, “arrakala digitalaren aurka ezer egin ez izana justifikatzeko”, Goia Hezkuntza sailaren eskumenean “ezkutatu” dela azpimarratu du EH Bilduk. “Errealitatea da kultur etxeetako ekipoak, adibidez, erabiltzen ez ziren bitartean ikasle donostiar askok ezin izan dutela online ikasi ordenagailurik edo wifirik ez zutelako”. Berrako egoitzan gertatutakoari ere erreferentzia egin dio oposizioko alderdiak: “Berra adinekoen egoitzako gertakari larriei dagokienez, Goiak bitartekari lanak ez egiteko eskumen falta ere erabili zuen argudio bezala. Halaber, etxez etxeko zerbitzuko langileek segurtasun-neurriak eskatu zituztenean, ‘hori enpresa esleipendunaren eskumenekoa zela’ erantzun zuen hitz hitz Eneko Goiak”.
Bestalde, Goiaren gobernantza eredua ere kritikatu du EH Bilduk, salatu baitu udal gobernuak ez duela akordiorik eta batasun irudirik bilatu, eta terrazen araudia auzo elkarteekin hitz egin gabe malgutu izana eta Aste Nagusia aldebakartasunez bertan behera utzi izana jarri ditu adibidetzat. Ildo beretik, eurek osasun-krisiari eta krisi ekonomikoari aurre egiteko “50 proposamen zehatz baino gehiago” egin dituztela nabarmendu du oposizioko alderdiak, eta “talka plan integral bat” prestatzen ari direla iragarri du.