Aquariuma ekainaren 3an zabalduko da berriro

Donostiako Aquariuma aurrez aurre bisitatu ahal izango da berriro datorren asteazkenetik aurrera. Berrogeialdi aurretik Getxoko Aquariumetik ekarritako arrainez gain, espezie askoren animalia jaioberriak ikusteko aukera izango dute bisitariek, hala nola marrazoena eta itsas zaldiena. Alvaro Ledesma artista gipuzkoarraren erakusketa bat ere egongo da.
Bestalde, instalazioak itxita egon direnez gero, sakoneko hainbat garbiketa egin dituzte, besteak beste, bale australaren eskeleto handia, eta fosilen beira-arasa berritu dute. Momentuz, ukipen-igerilekua, denda, auditorioa eta kontsignak itxita jarraituko dute.
Erakundeak iragarri duenez, ohikoa baino ordutegi murritzagoa izango du: 11:00etatik 19:00etara asteartetik igandera, eta lehiatilak ordubete lehenago itxiko du. Bisitarien kopurua aztertu ahala erabakiko dute hori egokitzea edo ez.
Segurtasun neurriak bermatuko dituzte eta, ondorioz, edukiera erdira murriztu dute. Beraz, gehienez 470 pertsonak ahalako dute bisitatu aldi berean. Segurtasun distantzia mantentzeko eta higiene-neurriak bermatzeko arauak ere ezarri dituzte.