Establezimendu txikien udal tasak eta zergak malgutuko ditu udalak
Elkarrekin Donostia udal taldearen ekimenez, merkataritza eta ostalaritza establezimendu txikiek ordaindu beharreko udal zerga eta tasak malgutzeko mozioa onartu dute udaleko zinegotzi guztiek udalbatzarrean, aho batez. Alde batetik, alarma egoeran zehar ordaindu beharreko udal tasak eta zergak gutxitzeko erabaki dute eta, bestetik, udal gobernuak mekanismoak sortzeko tasa horiek atzeratzeko, barkatzeko edo hobari partzialak edo osoak eskatzeko.
EH Bilduk ere merkataritza eta ostalaritza txikiaren inguruko mozio bat aurkeztu du, Ekonomia Suspertzeko Plan Ekonomikoaren ingurukoa. Hain zuzen, Donostia Market Plaza plataformara establezimendu gehiago batzeko neurriak hartzeko eta informazio bideak hobetzeko mekanismoak sortzeko eskatu dute. Izan ere, oposizioko alderdiaren arabera, 4.062 establezimendu txiki daude hirian eta 4.200 kontsulta izan dira, beraz, datuek ez dute bat egiten. Bestalde, 1.654 diru laguntza eman dira, eta EH Bilduren ustez oso kopuru baxua da hori. Mozioa aho batez onartu da. Era berean, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak nabarmendu dute ekialdeko auzoetan arreta jartzeko garrantzia, auzo horietako oso establezimendu gutxi baitaude Donostia Market Plazan.