Mitoa eta errealitatea nahasten direnean

‘Los pasos dobles’
Zuzendaria: Isaki Lacuesta
Herrialdea: Espainia
Urtea: 2011
We Are One: A global Film Festival egitasmoaren helburua zinema bidez mundu osoko ikusleak batu eta, ahal den neurrian, osasun larrialdi egoera honetan laguntza eskaintzea da. Hortaz, 21 zinemaldik -Annecy, Berlin, Cannes, Guadalajara, Jerusalem, Karlovy Vary, Locarno, Londres, Macao, Marrakech, Mumbai, New York, Rotterdam, Donostia, Sarajevo, Sundance, Sydney, Tokio, Toronto, Tribeca eta Venecia – indarrak batu dituzte 100 film baino gehiago eta zinemagile garrantzitsuenen hitzaldiak online eskaintzeko. Francis Ford Coppola, Steven Soderbergh, Bong Joon-ho, Guillermo del Toro, Song Kang-ho, Jane Campion eta Claire Denisek hartuko dute parte, besteak beste.
Eta hauexek dira, hain zuzen, Donostiako Zinemaldiak programa anitz horretara gehitu dituen hiru izenburuak: euskal kultura ezagutzera emango duen Telmo Esnalen Dantza (2018), euskal gastronomia gizarteratuko duen Felipe Ugarte eta Juantxo Sardonen Mugaritz BSO (2011), eta Urrezko Maskorraren irabazle izandakoa, Isaki Lacuestaren Los pasos dobles (2011).
Azken finean, Isaki Lacuesta etxeko zinemagiletzat hartu dezakegu donostiarrok. Zinemaldian aurkeztu ditu La noche que no acaba eta Los cuadernos de barro; FIPRESCI saria irabazi zuen Los condenados filmarekin; bere bigarren Urrezko Maskorra jaso zuen Entre dos aguas-ekin, eta polemika ikaragarria sortu zen lehenarekin, Los pasos dobles filmak eskuratutako sariarekin. Ekainaren 6an, 16:15ean, egongo da ikusgai kritikak gorrotatu eta epaimahaiak saritu zuen azken film hori.
Miquel Barcelo margolariaren Los cuadernos de barro (2011) dokumentala grabatzen ari zela, Los pasos dobles errodatzen hasi zen Lacuesta. Ezagutu berri zuen pasos dobles teknika hartu zuen izenburutzat – «Basamortuan zure arrastoen gainetik atzera egitea da ihes egiteko teknika hoberena. Horrela, oinatzek kontrako noranzkoan bideratuko dute atzetik datorrena. Teknika horri ‘pasos dobles’ deitzen zaio»-, eta François Augieras margolari frantziarraren istorioa abiapuntutzat:
François Augierasek bunker bat aurkitu omen zuen Maliko basamortuaren erdian, eta bere margolanak bertan lurperatzea erabaki zuen, XXI. mendean bere artelanak aintzat hartuko lituzkeen norbaitek aurkitu zitzan. Garai hartan ez baitzeuden bere artea balioesteko prest.
Hortik aurrera, filmak istorio horrekin lotura duten pertsonaia desberdinak aurkeztuko dizkigu, arteari buruzko gogoetak eskaintzen dituen bitartean: Kobazulo hori aurkitzen saiatzen ari den espedizio taldea, arte-lapurretan dabilen gaizkile talde bat, François Augieras izena duen soldadu gazte bat, eta bere margolanetan lanean dabilen Miquel Barceo margolaria bera.
Filmeko bizkarrezurra zein den argi utzi gabe, eta altxor mapa ulertezin bat balitz bezala, istorio desberdin horiek nahasiko dira. Abentura filma eta margolariari buruzko dokumentala. Surrealismoa eta errealismo soziala. Sorkuntza eta iragankortasuna. Mitoa eta errealitatea. Afrikako kondairak eta modernismoa. Nahasketa uneoro.
35mm-tan filmaturik, filmaren argazki hipnotikoak basamortuaren eta Maliko herri indigenen misterioa harrapatuko du, ikuslea momentu magikoen lekuko bilakatuz. Afrikako albino tribu batek beraien egoera kontatu, -beldur dira sakrifizio erlijioso ezberdinetarako erabiltzen dituztelako- eta batek bere azala azal beltzarekin konparatzen duen momentu intimoa, adibidez. Hauxe da, zalantzarik gabe, film aske eta buru-hausgarri honen bertutea.
Jose Luis Rebordinos, Zinemaldiko zuzendariaren hitzetan, «Zinemaldiarekin lotura duten filmak aurkeztu ditugu, gure ustez, merezi zuten ibilbide oparoa izan ez dutenak. We are one egitasmoarekin, film horiek balioan jartzeko bigarren aukera baitugu orain». Eta filmei bultzada bat emateaz gain, ikusleek COVID-19aren aurkako borrokan lagundu ahal izango dugu dohaintzak eginez. Beraz badakizue, gonbidatuak zaudete zinemaldien zinemaldi honetara, maiatzaren 29tik ekainaren 7ra Youtubeko We are one; A Global Film Festival kanalean.