"Plazak berreskuratzera" deitu du Hamaika Gara egitasmoak ekainaren 7rako
Gure Eskuk, gizarteko alor askotako eragile ugarirekin batera, Hamaika Gara egitasmoa jarri zuen abian martxoaren 11n. Erreferendumaren aldeko sinadura bilketa bat ardatz hartuta, epe luzeko ibilbide bati ekin zioten hamaika eragilek, burujabetza eta erabakitzeko eskubidea sustatzeko asmoz.
Egitasmoa aurkeztu eta gutxira, COVID-19aren pandemiaren aurkako neurriak ezarri zituzten gobernuek, eta horren ondorioz, sinadura bilketa aldi batez sustatzeari utzi, eta aurreikusitako kale mobilizazioak udazkenera atzeratzea erabaki zuten sustatzaileek.
Orain, konfinamendu neurriak leuntzen ari denen honetan, “herritarrok eta gure aldarrikapenek plaza publikoa berreskuratzeko garaia” dela uste dute dinamikaren bultzatzaileek: “Premiazkoa da bizi dugun eta datorren krisiari Euskal Herritik eta guztion artean erantzun behar diogula adieraztea, eta tokiko erabaki burujabeak aldarrikatzea”, adierazi dute.
Aldarrikapenak plazara
Horrela, Hamaika Gara egitasmoarekin bat egin duten eragileek “herri erantzun bat” emateko deia egin dute gaur goizean, sare sozialetan eta prentsa ohar bidez, Hemen erabaki, herritarrok erabaki lelopean. Hain zuzen, herri eta hirietako plazak “berreskuratu eta aldarriz bete” nahi dituzte ekainaren 7an.
11:00etatik 14:00etara bitartean, parte hartzaile bakoitzak bere aldarria kartoi zati batean idatzi eta etxetik plazara eramateko eskatu dute, horiek lurrean utziz. Donostian, Bulebarreko kioskoaren alboko plazan izango da ekintza. Mobilizazioak eta aldarrikapenak “berreskuratzeko” helburu irmoa azaldu badute ere, azpimarratu dute ekainaren 7ko ekintza “beharrezko neurri guztiekin” egingo dutela, parte-hartzaile guztien osasuna eta segurtasuna zorroztasunez bermatuko direla ziurtatu dute antolatzaileek.
Azkenik, iragarri dute mobilizazio honen ondoren, “pixkanaka” Hamaika Gara erreferendumaren aldeko sinadura bilketa berrartzeari ekingo diotela, eta udazkenetik aurrera indartuko dutela kanpaina.