Sonakayk streaming bidezko kontzertu batekin aurkeztuko du bere disko berria

Sonakay talde donostiarrak bere bigarren diskoa argitaratu du, Sonakay Guztiekin izenekoa, eta ostegun gauean streaming bidezko kontzertu batekin aurkeztuko die bere jarraitzaileei. Emanaldia 21:00etan hasiko dute, Youtube-ko esteka honetan.
Euskal kultura flamenkoarekin nahasten duen taldeak Sonakay Denontzat albuma argitaratu zuen 2018an, eta orain hamaika abestiz osaturiko lan berri bat dakar, beste hamalau artisten kolaborazioekin. Horien artetik, badira hainbat donostiar, hala nola Maria Berasarte, Urko, Iñaki Salvador, Iker Lauroba eta Golden Apple Quartet taldea. Haiez gain, Ketamak, Omar Gonzalezek, Jose de Pasaiak eta Paco Suarezek ere euren doinuak batu dizkiote Sonakayren lanari.
Joan den otsailean, diskoa amaitzear zirenean, Irutxuloko Hitzak Yoni Camacho Sonakayko abeslaria elkarrizketatzeko aukera izan zuen, Hamabietan Bermuta atalean: “Ijito batek euskaraz hitz egiten duelako harritzeari utziko diogun egunean, euskarazko flamenkoa ez da bitxia izango”.