Tabakalerak berriro ekingo dio jarduerari astelehenean, erakusketa-aretoak, liburutegia eta beste hainbat espazio irekiaz
Tabakalera Kultura Garaikideko Zentroak datorren astelehenean irekiko ditu ateak, eta bisitariei ongietorria emateko Julio Le Parc artista frantses-argentinarraren Kuboa lana jarri dute Nestor Basterretxea plazan. Altzairuzko 2.660 piezaz eginiko in situ lana mugikorra da eta honen pertzepzioa aldatuz doa.
Datorren astetik aurrera, bi erakusketa-aretoek, Ubik liburutegiak, Sortzaileen guneak eta 2deo ikus-entzunezko laborategiak, baita pribatuak diren hainbat egitasmok berriro ekingo diote jarduerari. Segurtasuna bermatzeko, lehenengo egunetan Nestor Basterretxea plazako (0. solairuko) sarreratik sartu ahal izango da. Aldi baterako informazio puntu bat jarriko dute han, erabiltzaileei informazioa eta neurriak azaltzeko prest. Egunero egongo da irekita, baina ordutegi desberdinekin: lanegunetan 9:00tan zabalduko dute eta asteburu eta jaiegunetan 10:00tan; itxi, aldiz, igandetik asteazkenera 20:00tan eta ostegunetik larunbatera 21:00tan. Eraikin barruan maskara erabiltzea eta bi metroko segurtasun distantzia mantentzea derrigorrezkoa izango da.
Jarraian, lista bat egin dugu, espazioek eskainiko duen zerbitzua jasotzen duena:
- Erakusketa-aretoak: ekainaren 2tik aurrera zabalik. Nestor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez eta Cybernetics of the Poor: Tutorialak, Ariketak eta Partiturak erakusketak bisitatu daitezke.
- Ubik liburutegia: ekainaren 2tik aurrera maileguak egin eta itzultzeko zabalik. Ekainaren 16tik aurrera, gainontzeko espazioak zabalik. Informazio guztia lotura honetan irakur daiteke.
- Sortzaileen gunea: ekainaren 1etik aurrera zabalik. Proiektuak garatzen ari ziren sortzaileak berriro hartzeko gunean berraktibatuko ditu.
- 2deo ikus-entzunezko laborategia: ekainaren 1etik aurrera zabalik. Profesionalei zuzendua. Astelehenetik ostegunera egongo da irekita, baina hitzordua eskatu beharko da.
- LABe: jendearentzat itxita egongo da aldi baterako, baina duela egun batzuk abian jarritako etxez etxeko janari zerbitzua eskaintzen jarraituko du.
Bestalde, Tobacco Daysek, Impact Hubek, Lantokik, Basque Livingek eta Arteuparte Studiok ere ateak zabalduko dituzte. Taba kafetegia ere 8:00tatik 23:00tara egongo da irekita, eskaintza zabalagoarekin, baina barruko espazioan edukiera erdiarekin. Pizzeriak, bestalde, etxez etxeko zerbitzua jarri du eta eskaerak online gauzatu daitezke.
Azkenik, Tabakaleratik aurreratu dutenez, ekainaren 17an itzuliko da zinea.