Victoria Eugeniako eta Antzoki Zaharreko leihatilak ekainaren 1ean irekiko dituzte

Udalaren kultur eskaintza ekainaren 1etik hasiko da konfinamendutik ateratzen, eta Donostia Kulturak bere gune gehienak eta aurrez aurreko zerbitzu batzuk zabalduko ditu. Egun horretatik aurrera, Victoria Eugeniak eta Antzoki Zaharrak euren leihatilak irekiko dituzte, herritarrek datozen ekitaldietarako sarrera erosteko aukera izan dezaten.
Leihatilen ordutegia antzokien programazioaren arabera joango dira egokitzen, baina oraingoz 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo dira zabalik.
Antzokien funtzionamendu berriari dagokionez, Jon Insausti Kultura zinegotziak azaldu du segurtasun distantziak mantentzeko hainbat aukera aztertzen ari direla: “Agertoki desberdinak aztertu ditugu, metro eta erdiko distantzia utzita, bi metrokoa…. Bigarren faseko dekretuak jasotzen du antzokien heren bat bete daitekeela soilik, baina 50 pertsonako edukierara iritsi arte. Hori dela eta, ez da bideragarria. Donostia Kulturak programazioaren inguruko berri onak ematea espero dugu datozen asteetan”.