Astelehenean irekiko da Txomiñeneako etxebizitzetako baremazio prozesuko alegazioak aurkezteko epea
Donostiako Etxegintzak maiatzaren 25ean argitaratu zituen Txomiñeneako alokairuko 162 etxebizitzetako baremazio prozesuko emaitzak, eta astelehenetik aurrera alegazioak aurkezteko epea zabalduko du, ekainaren 12ra arte.
Alegazioak aurrez aurre aurkezteko 200 hitzordu libre daude oraindik, ekainaren 12ra arte, egun horretan amaitzen baita epea. Dena den, Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak esan duenez, posta elektronikoz aurkezten diren alegazioak ere onartuko dira, baina horretarako derrigorrezkoa izango da NAN edo ziurtagiri elektroniko bitartez identifikatzea.
Arzallusek partekatutako datuen arabera, erreklamazioak egiteko bideratutako bi telefono zenbakiak dei ugari jasotzen ari dira. Horregatik, posta elektronikoa edo Donostiako Etxegintzako webgunea erabiltzea gomendatu du, bai erreklamazioak egin baita hitzorduak eskatzeko ere. Gainera, zinegotziaren hitzetan, dagoeneko 500 posta elektroniko eta iradokizun jaso dituzte, eta egunean erantzuten saiatzen ari dira.
Txomiñeneako alokairuko etxebizitzetarako egindako 8.572 eskaeretatik 7.268 onartu dira baremazio prozesuaren baitan. Etxegintzatik esan dutenez, eskaera horiek gainontzeko alokairuen kontratuetarako ere balioko dute.