Donostia Market Plaza, establezimendu txikiak sustatzeko plataforma
COVID-19aren krisiaren aurrean, Donostiako Udalak saltoki eta ostalaritza establezimendu txikiak laguntzeko bigarren faseari ekin dio Donostia Market Plaza plataforma digitala sortuz. Kontsumo bonu batzuk jarri dituzte salgai, establezimendu horietan kontsumitzeko.

Merkataritza eta ostalaritza txikia izan dira koronabirusaren krisiak gehien kaltetu dituen sektoreetako batzuk, eta, Donostian, BPGaren %8,5 eta 8.000 lanpostu inguru hartzen dituzte sektore horiek. Horregatik, udalak merkatari eta ostalari txikiak laguntzeko 2,6 milioi euroko plan ekonomiko bat abiatu zuen apirilaren amaieran. Planak EH Bilduren kritikak jaso zituen, euren ustez hiriko eredu ekonomikoa aldatu behar delako eta planak ez duelako aukera hori aintzat hartzen.
Hala ere, udal gobernuak aurrera egin zuen, eta lehenengo asteetan hamar langile baino gutxiagoko 1.867 establezimenduri diru-laguntzak eman zizkieten. Eneko Goia alkatearen arabera, «oso harrera ona» izan zuten diru-laguntzek.
Planaren bigarren fasea abiatu zuten astelehenean, Donostia Market Plaza (donostiamarketplaza.eus) Internet bidezko plataformaren “pertsiana birtuala irekiz”, Enrique Ramos Ekonomia Bultzatzeko zinegotziaren hitzetan. Hiriko establezimendu txikien eskaintza webgune bakar batean bateratzea du helburu proiektuak, herritarrei gertuko saltoki eta tabernetan kontsumitzea errazteko. Hain zuzen, egitasmoa larrialdi egoera batean abiarazi badute ere, Ramosen arabera, lehendik mahai gainean zegoen gai bat zen, eta epe ertain eta luzera mantentzeko asmoa dute.
49 langile baino gutxiago dituzten mota guztietako establezimenduak biltzen ditu Donostia Market Plazak: elikagai dendak, ile-apaindegiak, tabernak, jatetxeak, arropa dendak, hotelak, etxerako produktuen dendak, kirol establezimenduak, eta abar. Egitasmoak ez ditu frankiziak onartzen, eta asteartean, plataforma aurkeztu zutenean, 362 establezimendu biltzen zituen Donostia Market Plazak. Hala ere, izen-ematea doakoa da, eta Goiak adierazi zuen etorkizunean establezimendu gehiago izatea nahi dutela. Horretarako, komunikazio kanpaina bat egingo dute. Hala ere, alkateak nabarmendu zuen webgunea “baliabide bat” baino ez dela: “Ez dugu gertuko saltokirik gabeko hiri bat nahi, ezta kale hutsak ere; horretarako, herritar guztien konpromisoa behar da”.
Bestalde, 362 establezimendu horietako ehun inguruk etxez etxeko banaketa zerbitzua eskaintzen dute plataformaren bitartez. Bakoitzak bere kabuz egiten du banaketa, baina udalak zerbitzu bakoitzeko lau euro ordaintzen dizkie merkatari eta ostalariei. Era berean, Goiak ez zuen baztertu etorkizunean banaketa zerbitzua udalak berak kudeatzeko aukera.
Kontsumo bonuak salgai
Establezimenduak plataforman biltzeaz gain, udalak 28.960 kontsumo bonu jarri ditu salgai, webgunean bertan. Bonu horiek eskuratzeko prozesua erraza da: behin kontsumo bonuak erosteko aukera hautatuta, eskuratu nahi diren produktu edo zerbitzu motak aukeratu behar dira, eta, nahi izanez gero, baita establezimenduen auzoa ere. Horrela, zehaztutako irizpideak betetzen dituzten establezimenduak agertuko dira, eta kontsumitzaileak nahi duena hautatuko du, ondoren establezimendu horretan gastatzeko kontsumo bonua erosiz.
Bonu horietako bakoitzak hogei euroko balioa izango du, baina kontsumitzaileak hamalau euro ordainduko ditu, beste sei euroak udalak jarriko baititu. Horrela, bezeroek hogei euroko erosketa egin ahal izango dute hamalau euro ordainduta, eta merkatariek edo ostalariek hogei euro jasoko dituzte.
Herritar bakoitzak bost kontsumo bonu eskuratu ditzake gehienez, eta establezimendu bakoitzak, asko jota, 80 bonu saldu ditzake (1.600 euro). Bestalde, abuztuaren 31ra arte egongo dira salgai kontsumo bonuak –lehenago bukatzen badira, webgunean jakinaraziko dute–, eta 2021eko martxoaren 14a baino lehenago erabili beharko dira. Bonuak erabili ahal izateko, nahikoa da establezimenduan aurkeztea, euskarri fisikoan zein digitalean.