Egoera zaurgarrian dauden familiei alokairu errentak barkatzeko aldarrikatu du Kaleratzeak Stop plataformak
Konfinamendua dela eta, hiru hilabetez elkarretaratzerik egin gabe izan da Kaleratzeak Stop plataforma, baina ostiralean kalera atera dira berriz. Parte Zaharreko Ijentea kalean egin dute elkarretaratzea, Azora putre funtsaren egoitzaren parean, egoera zaurgarrian dauden pertsonei alokairu errentak barkatzeko eskatzeko. Amarabai, Parte Zaharrean Bizi eta Benta Berriko Alokairu auzo elkarteek bat egin dute deialdiarekin, baita LAB sindikatuak eta Elkarrekin Donostiaren eta EH Bilduren udal taldeetako hainbat zinegotzik ere.
Koronabirusaren krisiak familia batzuk are egoera zaurgarriagoan utzi dituela salatu du Rosa Garciak, Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaileak, eta batzuk kaleratuak izateko arriskuan daudela, adin txikiko seme-alabekin eta guzti. Errentak barkatzeko bidea hartu ordez, Azorak errenten ordainketa atzeratzeko bidea hartu duela nabarmendu du Garciak, baina adierazi du hori ez da bideragarria. Era berean, adin txikiko seme-alabak dituzten Yeni eta Ingris bizilagunen kasua salatu dute, hilaren 31ean eta 2021eko maiatzaren 15ean bukatzen baitzaizkie alokairu kontratuak, hurrenez hurren. Azaldu dutenez, ezinezkoa da beraientzat errenta atzeratuak ordaintzea.
Horregatik guztiagatik, egoera zaurgarrian daudenei atzeratutako errentak barkatzeko eskatu diote Azora putre funtsari, baita kontratuak KPIaren arabera zazpi urterako berritzeko, “familiei egonkortasuna emateko”. Bestalde, nabarmendu dute ez dutela onartuko Azorak familia horien aurkako kaleratze agindurik egitea, ezta hilabetetik hilabetera alokairu kontratuak berritzea ere.