"Hurrengo urtean egoerak hobera egin arte eutsi beharko dugu"
Taberna txikia den arren, Parte Zaharreko Akerbeltzek terraza zabal eta polit bat dauka, kaira begira dagoena, eta horri esker bezeroak hartzen hasi ahal izan da aste honetan. Dena den, eguneroko lana soilik bi pertsonen artean egin beharko dute hemendik aurrera: “Bat barran egongo da eta bestea terrazan, zerbitzatzen eta behatzen, arau hausterik egonez gero isun bat jaso dezakegulako”.
Zer moduz doa lanerako buelta?
Azken asteetan nahiko kezkatuta ibili gara, ez genekielako zein izango zen irekitzeko unerik egokiena, eta azkenean asteartean hastea erabaki genuen. Zorionez, erantzuna oso ona izan da.
Jendea gogotsu zegoen, ezta?
Erreserbak egiteko aukera eman dugu eta gure harridurarako, bezero pila batek idatzi digute mahai bat gordetzeko. Horregatik, pozik nagoela esan dezaket. Baina hilabete hauek oso gogorrak izan dira, eta dena oso nahasgarria izan da: telebistan gauza batzuk entzuten genituen, gero norbaitek bestelako zerbait esaten zigun…
Tabernari askok diozue hori.
Bai, erabat galduta ibili garelako. Eta horri gehitu behar diozu gastuak ez direla desagertu, langileei ABEEak egin behar izan zaizkiela eta abar. Gu hiru ginen tabernan, eta orain soilik bi izango gara. Garai zailak datozela dirudi.
Zuk uste?
Bai. Udaran, Karmengo jairik eta Aste Nagusirik gabe geratu gara. Guretzat funtsezkoak ziren hainbat ekitaldi aurten ez dira ospatuko, eta horrek eragin handia du gure poltsikoan. Parte Zaharreko tabernen udako irabazien erdia egun horietan biltzen da.
Turisten beherakada bat ere asko nabarituko litzateke auzoan.
Bai, bai. Guk garrantzi gehiago ematen diogu bertako bezeroarekin dugun gertutasunari. Azken finean, turistak etorri egiten diren modura joaten dira. Baina taberna bakoitza mundu bat da, eta garbi dago hemen turismoaz bizi direnak asko direla.
Denok ikusi dugu zertan bihurtu den Parte Zaharra azken urteetan, eta denok dakigu nolakoak diren alokairuak. Eta hori berdin ordaindu behar da, turistak etorri edo ez.
Okerrena pasa dela uste duzu?
Aurrez aurre uda normal ba izango bagenu, agian baietz esango nizuke. Baina ez dirudi horrela izango denik. Kolpe gogor bat jasatetik gatoz, baina datorrena ere zaila izango da. Urrira arte lana izango dugu, baina nork daki zenbat. Eta auskalo zer gertatuko den ondoren. Hurrengo urtean egoerak hobera egin arte eutsi beharko dugu.
Eskerrak behintzat bezeroen gertutasuna duzula.
Eskerrak, bai. Hasieran taberna ekainaren 8an irekitzea pentsatzen nuen, baina haien eskariz, irekiera aste honetara aurreratu dut azkenean. Baina, hori bai, ez dugu ahaztu behar eguraldiaren menpe jarraitzen dugula. Ea nork irekitzen duen orain euria egiten badu!